Petronor

ELAk lortu du Petronorrek behin-behineko 19 kontratu finko bihurtzea

2023/10/04
ELAk Lan Ikuskaritzan salaketa jarri eta gero 19 aldi baterako kontratu mugagabeak izango dira Petronorren. Langileok prozesu-operadore lanean ziharduten 2020ko urritik aurrera; egin zieten iraupen mugatuko kontratua ez zegokien egunero betetzen zituzten eginkizunei.

Lan Ikuskaritzaren agindua beteta ere behin-behinekotasunaren arazoa ez da guztiz konpondu, baina agerian geratu da Petronorrek halako kontratuen gehiegizko erabilera egiten duela.

Muskizko findegian zenbait behargin duela lau urtetik hona ari da lanean; bi urtez obra amaierako kontratua izan zuten, eta epe horretan metatutako eskubideak bertan behera utzita ordezkapen kontratua egiten zaie, oporraldirako eskubiderik ere izan gabe eta aurrez egindako beharra aitortzen ez zaielarik; horrela enpresa honek etekinen markak hausten ditu behin eta berriz.

Egoera honen irtenbidea izango da behinbehinekotasuna pairatzen duten langileen behin betiko kontsolidazioa, gainerako lankideei ez bezalako tratua ematen baitzaie. ELAk lan egingo du aldi baterako behargin hauek, ezinbestekoak diren heinean, kontratu mugagabeak izan ditzaten, eta babesa emango die beren eskubideen alde eta Petronorren hedatu nahi den prekaritatearen aurka borrokatzeko prest daudenei.