ELAk pozez hartu du Petronorreko ABEEa justifikaziorik gabekotzat jo duen epaia

Bilboko 8. Lan Arloko Epaitegiak bidegabetzat jo du Petronorrek aurkeztutako Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko espedietea, eta enpresa kondenatu du "eragindako langileak lehengo baldintzetan birjartzera, eta berehala neurri hori aplikatu zaien langileen lan-kontratuei berriro ekitera".
Mamiari erreparatuz, epaitegiak uste du enpresaren zuzendaritzak ez dituela bere dokumentazioarekin justifikatu ABEEa aplikatzeko ekoizpen- eta antolaketa- arrazoiak, eta "ez erreala ez egungoa den errealitate baten aurrean gaudela; izan ere, etorkizuneko aurreikuspenetan eta datu lerratuetan zentratzen da enpresa, demandatuak bere kabuz zehaztutako ondorioak besterik ez baitituzte jasotzen". Besteak beste, epaian argudiatzen denez, "2019an findegian izandako geldialdi teknikoek ekoizpena murriztu zuten".
Sindikatuak epaia pozez jaso du, eta gogorarazi du berretsi egiten dituela ELAk prozesu osoan emandako argudioak; zehazki, ez zegoela ABEEa aplikatzeko arrazoirik. Era berean, Petronorreko langileak zoriondu nahi ditu, enpresako zuzendaritzak hartutako neurriaren aurka antolatzea eta mobilizatzea erabaki baitzuten.
Azkenik, ELAk administrazio publikoen pasibotasuna kritikatu nahi du, zehazki, Lan Ikuskaritzarena. Izan ere, Enpresa Batzordeak 2021eko martxoan salaketa aurkeztu zuen erakunde horren aurrean, eta Petronorren findegian 2020an aparteko 30.958 ordu egin zirela kritikatu zuen. ELAren ustez, kontraesankorra da aparteko orduen bolumen hori duen enpresa batek ABEE bat aplikatu nahi izatea erregai gutxiago ekoizteko irtenbide gisa.