ELAk salatu egin du Bilboko Portuko zamakatarien gatazkan Eusko Jaurlaritzak izan duen jarrera

2020/11/20
Joan den azaroaren 19an Santurtziko Portuko Zamaketa Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailari esku hartzeko eskatu zion, gatazkaren aldeerdiei (Portu Agintaritza, Enpresak eta Enpresa Batzordeko ordezkariak) bilera baterako deia egiteko, gatazkari irtenbide bat bilatzeko komunikazio-bide bat ezartze aldera. Lan Sailak atzera bota du batzordearen eskaria, gai horretan eskumenik ez duela argudiatuta, eta gatazka enpresa eta langileen ordezkarien konpondu behar dela adierazita.

Hala ere, Tapia sailburuak eta Urkullu lehendakariak berak gatazka honetan esku hartzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari, grebari amaiera emango dion laudo bat emateko eskatuz. Kasu honetan, eta negoziazio kolektiborako eskubideari eta langileen greba-eskubideari zuzenean erasotzen dieten neurriak eskatzeko, eskumena dutela ulertzen dute. Berriro ere argi geratu da Eusko Jaurlaritza patronalaren interesen zerbitzura dagoela.

Zamaketako langileek hilabete baino gehiago daramate greban sektoreko Hitzarmen Kolektiboa berritu behar dela aldarrikatzeko. 2013tik soldatak izoztuta dituzte eta ABLEetako langileen prekarietate-egoera salagarria da; izan ere, 13 urte baino gehiago daramate egun batzuetarako kontratuekin lanean. Era berean, lan-istripuak eragozteko segurtasun-neurriak eskatzen dituzte.

Lan Sailak uko egiten dio elkarrizketarako espazio bat eskaintzeari, zamaketarien arazoak bere eginkizunen artean ez daudela iritzita. Hala ere, geure buruari galdetzen diogu ea ABLEetan lan egiten duten 100 pertsona baino gehiagoren kontratazioan dagoen iruzur-egoera, gatazkaren arrazoietako bat dena, bere erantzukizuna den ala ez. ELAk uste du gai horietako batean baino gehiagotan zer esanik ba duela Lan Sailak Sailak.

Hori dela eta, ELAk berriro eskatu dio Gobernuari gatazkaren irtenbidea bilatzeko bidea egin dezan.