ELAk salatu egin du Santurtziko udalaren utzikeria eta jokabide arbitrarioa pandemiaren aurrean

2021/01/21
Hainbat hilabetetik hona pandemia pairatzen ari garenean Santurtziko Udaleko langileon egoera jasanezina da, hala lanpostuetan nola herritarrei arreta ematerakoan. ELA Langile-Batzordearekin harremanetan jarriko da mobilizazioak egiten hasteko eta egoera Lan Ikuskaritzari salatzeko.

 Hainbat hilabetetik hona pandemia pairatzen ari garenean Santurtziko Udaleko langileon egoera jasanezina da, hala lanpostuetan nola herritarrei arreta ematerakoan.

ELAko Atal Sindikalak lanpostuak ikuskatu eta besteak beste honako akatsak aurkitu ditu:

  • Lan eremu batzuetan ez dago aireztatze egokirik.

  • Lanpostuen arteko gutxieneko segurtasun tartea ez da betetzen.

  • Garbitasun eta desinfekzio eskasa. Ezin da onartu hain zuzen uneotan garbiketan murrizketak ezartzea.

  • Zenbait lan-tresna partekatu beharra.

  • Behar bezala seinaleztatu gabeko sarrera-irteerak,

    etab.

Beraz, ikuskatu diren lanpostu gehienetan ez dira inondik ere betetzen lanerako inguru segurua izateko eskakizunak.

Areago, lankide batzuen egoerak okerrera egin du enplegu planeko beharginak sartzearekin batera. Ezinezkoa da, benetan, lanpostu arteko segurtasun tarteari eustea.

ELAk akats hauek txosten batean bildu, eta hau duela hilabete luze erregistratu zuen. Haatik, ez dugu erantzunik jaso. Gobernu-talde honek berriro ere utzikeriaz jokatzen du, eta bere langileekiko oso errespetu gutxi adierazten du, edo bat ere ez; ez dauka benetako borondaterik hedabide guztietan aipatzen diren segurtasun gomendioak aplikatzeko.

Orain, inoiz baino areago, behar-beharrezkoa da gure esku ditugun neurri guztiak aplikatzea, ahal den neurrian birusaren eragina mugatzeko. Esaterako, hor dugu Telelanaren aukera. Ezin da onartu hain kasu gutxitan baliatzea, eta arlo bakoitzeko arduradunak hari buruz irizpide ezberdinak izatea.

Jasaten ari garen lan egoera honek herritarrei eman behar omen zaien kalitatezko ZERBITZU PUBLIKOari kalte egiten dio, gero eta larriagoa.