ELAk sei greba-egun deitu ditu Barakaldoko Fundacion Miranda egoitzan

2018/10/09
ELAk 2015. urtetik salatu izan du Barakaldoko Fundación Miranda egoitzako langileen egoera prekarioa. Urte hartan behin-behineko langileen kopuruak finkoena gainditu zuen, hau da, uko egin zion egoitzetako hitzarmenak enplegu finkoaren eta bermeen arloan ezarritakoa betetzeari. ELAk salatu zuen egoera hura, harik eta enpresako zuzendaritzak zuzendu zuen arte.

Hala ere, enpresa lanaldi-luzapenez baliatu izan da langileei xantaia egiteko, luzapen horiek baldintzarik onuragarrienei uko egitearen baldintzapean jarriz. Eta ildo horretatik darrai; oraingo honetan, lan-baldintzen aldaketa nabarmena proposatu dio langilegoaren %10ari. Eta hori egin baino lehen, ez dute bideragarritasun planik aurkeztu, eta ez dute kontuan hartu Fundazioak epe ertainera negozioa plaza gehiagorekin zabaltzeko asmoa duela.

Egoitzaren lerratze oker hori hainbat faktoreren ondorioa da: kudeaketa pribatu txarra eta Fundazioko patroien erantzun epela eta berantiarra (Barakaldoko Udala, Elizbarrutia eta abar). Salatzen dugun egoera txarraren adibideak ugariak dira, besteak beste, hor ditugu langileen kaleratzeak, egoiliarren senideen salaketak, erabiltzaileek eta senideek etsita hutsik utzitako plazak, baldintzarik onuragarrienei uko egitera behartzearren langileei egindako mehatxuak, negoziazio kolektiboa banan-banan egiteko saiakerak eta, zer esanik ez, La Milagrosa ikastetxea ixtera behartzea.

Horregatik guztiagatik, ELAk beharrezkotzat jotzen du greba-deia egitea, patronala iritziz aldarazteko modu bakarra delakoan. Hala berretsi da aho batez ELAren Atal Sindikalak egindako azken bileran. 24 orduko greba-egunak urriaren 16, 18, 22, 24, 26 eta 30 izango dira. Enpresa Batzordeko gainerakoek gurekin bat egingo dutelakoan gaude.