ELAko atal sindikalak salatu du Arcelor Mittal Sestaon ez dagoela gardentasunik

2022/01/31
Arcelor Mittalek Sestaon 278 lagunek osatutako lantaldea du, eta lanpostuak kendu nahi ditu; ABEE bat ezartzeko kontsultei ekin die, kontratuak amaitzeko EEE bat ere gauzatu ondoren. Gaur bertan izango da ABEE horretako kontsulta aldiko lehen bilera.

ELAk salatu duenez, beste behin agerian geratu da Arcelor Mittal Sestaoko zuzendaritzak gardentasunik gabe jokatzen duela; altzairutegia martxan ez jartzeko xantaiaz baliatzen da langileen artean beldurra eragin eta hauek zuzendaritzaren eskakizunei men egin diezaioten. Hain zuzen, joan den urrian erabili zuen mehatxu bera, lantaldean ziurgabetasuna hedatzeko.

Gogoratu beharra dago iaz Sestaoko lantegia gelditu zela egutegian mantentze-lanetarako aurreikusita zegoelako, ez argindarraren prezioagatik edota zuzendaritzak aipatu zituen beste arrazoi batzuen poderioz, nahiz eta hori zabaldu zen hedabideetan.

Gainera, zuzendaritzak dagoeneko kontratuak amaitzeko EEE bat aurkeztu du lehenago errelebo-kontratu bidez erretiratzekoak ziren langileak orain joan daitezen aurretiazko laguntzekin. Haatik, erretiro hauek beharrezkoak direla argitzen duen dokumentaziorik ez du eman enpresak, ELAk eskatu duen arren.

ELAko atal sindikalak jarrera eta egintza hauek salatu egin ditu; beste sindikatu batzuek lagundu egiten dituzte, gainera, Lan Erreforma baliatuz enpresak lanpostuak kendu, malgutasuna areagotu eta lan baldintzak aldatu nahi dituenean.