Enkarterri Mankomunitatearen eta Zallako Udalaren arteko desadostasunek arriskuan jarri dute Zallako Eguzki Egoitza

2018/12/19
Egoitza udalarena da, eta kudeaketa zuzenekoa; baina Enkarterri Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak badute beren partaidetza. 36 langile aritzen dira bertan, UDALHITZ hitzarmenaren pean, eta 40 adinekoak baino gehiago zaintzen dituzte. 2018ko abenduaren 12an Zallako Eguzki egoitzako Zuzendaritza Batzordeko ordezkariek jakinarazi diete ELAko hiru ordezkariei erabaki bat hartua dutela, alde bakarretik. Eta horren arabera Zuzendaritza Batzordearen baitan neurri-sorta bat eztabaidatu eta onetsiko da, egoitzaren finantza-egoera larria dela-eta

Bilera hartan bertan ELAren aldetik dokumentazioa eskatu genuen, alegaturiko egoera hori aztertzeko. Izan ere, ordura arte guk ez dugu inolako frogagiririk ikusi; eta, beraz, ezin dugu neurrien egokitasuna haztatu. Bilera hartatik astebete igaro da, eta ez dugu oraindik dokumentaziorik jaso.

Kanpoko aholkularitza batek prestaturiko txosten bat besterik ez dute gure ordezkariek. Aholkularitza hori horretarako kontratatu zuten berariaz, eta ondorioen artean egoitzaren iraunkortasunari eusteko neurri batzuk gomendatu dira.

Abenduaren 12an bertan Zuzendaritza Batzordeak, Zalla Bai-ren aldeko botoez eta EAJren abstentzioaz, neurri batzuk onetsi zituen, langileen baldintzen kaltetan: astebetetik beherako baimenak eta bajak ez ordeztea, arreta-ratioak doitzea, administrari-laguntzailearen lanaldia erdira jaistea, EUD (DUE) erizainen lan-gorabeherak eta oporrak ez ordeztea. Horiek guztiak prekarietatearen ezaugarriak dira.

Deigarria da, gainera, beste neurri bat absentismo-maila gutxitzeko izatea; zeren aurreko neurrien ohiko ondorioa absentismoa areagotzea baita. Zenbat eta lan-karga handiagoa izan, orduan eta arrisku psikosozial handiagoa.

Onetsitako neurriak ez dizkiete formalki jakinarazi ordezkariei, baina hedabideetatik jakin dugu haien berri.

Aipaturiko txostenaren ondorioak ikusita, orain onetsi dituzten neurri horien emaitzak espero diren mailakoak ez balira, beste zorrotzago batzuk onetsiko lirateke: egoitza pribatizatzea, enpleguaren erregulazio-espediente bat edota egoitza ixtea.

Neurri horien beharrizana edo egokitasuna agiri bidez frogatu gabe, eta langileen ordezkariekin ezer negoziatu gabe langileen lan-baldintzetan murrizketak egitea oso larria dela iruditu zaigu.

Halaber, azpimarratu nahi dugu arazoaren izaera, funtsean, politikoa dela; alegia, partaidekide diren hiru erakundeen artean adostasunik eza dela (Zallako Udala, Enkarterri Mankomunitatea eta Bizkaiko Foru Aldundia). Hala eta guztiz ere, Zuzendaritza Batzordeak proposatu duen irtenbidea langileen baldintzak okertzea izan da.

ELAk denen aurrean eskatzen du ekonomia-finantzaren arloko dokumentazioa ematea eta harturiko neurriak erretiratzea. Era berean, egoitzako enpleguari eusteko bideragarritasun-plan bat egitea eskatzen dugu hiru erakunde partaidekideen arteko adostasunaz.

ELA zerbitzu publikoen alde dago, kalitatezkoak eta kudeaketa publiko zuzenekoak, Zallako Eguzki egoitza bezalakoak. Beraz, dei egiten diogu aldundiari arduraz jokatzeko, eta kudeaketa zuzeneko egoitza publikoak suspertzeko, erabiltzaileak itunpeko zerbitzu pribatuetara bidali beharrean. Dei egiten diogu Enkarterri Mankomunitateari apustu sendo bat egiteko, eta eskualdeko bizilagunei egoitza publikoa eta kalitatezkoa eskualde berean eskaintzeko. Eta dei egiten diogu Zallako Udalari zerbitzuaren kalitatearen aldeko neurriak hartzeko, herri-langileen lan-baldintzak okertu beharrean.

Gizarte-zerbitzuen zorroaren dekretua indarrean sartu zenetik oraingo hau ez da lehenengo kasua izan eztabaida politiko garrantzitsuak sortzen direla. Funtsaren funtsean alderdietako bati dagozkion ardurak ez hartzean datza kontua. Eta gainera, herri-erakundeek, egiaren orduan, oso apustu epela egiten dute kalitatezko zerbitzu publikoen alde, eta zerbitzu horiek zuzenean eskaintzearen alde.

 

Guztiagatik, egoitza publikoa eta lanpostuak zaintzearren, langileak hurrengo egunetan mobilizazioak egitea aztertzen ari dira.