HAIZEA WIND (ZIERBENA)

Enpresak pertsonen bizitzak arriskuan jartzen jarraitzen du

2024/07/09
Ekainaren 28an izandako lan istripu larriaren ondoren enpresak ez ditu aldatu makina kurbatzaileen lan-prozedurak, eta arriskuan jartzen jarraitzen du bertan lan egiten dutenen bizitza

Uztailaren 5ean HAIZEA WINDeko ELAko atal sindikalak, bere prebentzio ordezkariaren bitartez, instalazioetan lan egiten duten makina kurbatzaileak gelditzeko eskatu zion enpresako zuzendaritzari, fabrikatzaileak aurreikusitako lan prozedura urratzen jarraitzen dutelako.

Ekainaren 28an, lan arriskuen prebentzioaren arloan prozedura ez betetzeagatik ELAren hainbat salaketa eta demanden ostean, azpikontrata bateko langile batek istripu larria izan zuen. Istripua gertatu zen makina geldirik dago gaur egun, baina ez, ordea, prozesu bera egiten duten makinak. Makina horietan enpresak ez du aldatu lan prozedura, eta lanean jarraitzen dute, fabrikatzaileak ezarritako prozedura bete gabe.

Gaur egun ELAk ez du enpresaren erantzunik jaso jakiteko makina horiek geldiaraziko dituen edo prozedurak aldatuko dituen, bertan lan egiten dutenek segurtasun neurri guztiak izan ditzaten eta beren bizitzak arriskuan jar ez ditzaten.

Enpresaren irabaziak eta produktibitatea ezin dira egon pertsonen bizitzen gainetik. Hori horrela izanik, ELAko atal sindikalak mobilizazioa deitu du uztailaren 11rako; bilkura 13:00tan izango da instalazioen sarreran, lan-baldintza seguruak eskatzeko.