Erakundeak ez dira busti CELeko lanpostuak eta enpleguaren baldintzak babesteko

2017/11/17
ELAK salatu du instituzioek ez direla busti lanpostuak eta enpleguaren baldintzak babesteko; haatik, gogoratu behar da urrian Bizkaiko Batzar Nagusietan alderdi guztiek hartu zuten erabakian zer esaten zen: lanpostu guztiak bermatu behar zirela.

Industri-politikaren gabezia errealitate bat da, eta bere ondorioz hainbat enpresa itxi dira Enkarterrin. Eskualde zigortu hau enpresen hilerri ari dira bihurtzen.

Industri-politikarik ez dago; izan ere, Eusko Jaurlaritzak ez baitu bere gain ardurarik hartu nahi enpresen egoera larria denean. Politika hau nabaria izan da CELen: Eusko Jaurlaritza akziodun nagusietako bat zen, akzioen %40a zuen bere esku, baina enpresaren jarraipenik ez zuen egin. Argindar fakturak ez ziren ordaindu, eta horregatik Ecofibras eta Celulosas lantegiak gelditu egin behar izan ziren, hornikuntza elektrikoa etetearen ondorioz.

Baina larriena da akziodun nagusi izanik ez zuela aintzat hartu bere erantzukizuna, eta administrazioak langileak salduta utzi zituen, akzioak sozio bati salduta, enpresak oso egoera zailean zeuden unean. Azkenean CELeko lantegi guztiak sartu dira konkurtso egoeran: Ecofibras, Celulosas, Cel Tisú eta Dermo.

Baina gure protesta Foru Aldundira ere ekarri dugu: CEL proiektuarekin ez du bere gain ardurarik hartu nahi, eta langileen baldintzak eta soldatak ez ditu defenditzen. Ezin da onartu instituzio honek langile guztien enplegua ez defenditzea, areago Enkarterrin, krisiak eskualde hau oso gogor jo duenean.

Aldundi honek ez du ezer egin makinak berriro martxan jartzeko; Jaurlaritzarekin batera gaurko egoera latz honetara ekarri gaitu.

Beraz, Jaurlaritzak eta foru erakundeek industri-politikarik ez dute egin. Baina CELeko langileok argi daukagu: Lucartekin lan egingo dugu industri-proiektu baten alde; proiektu horrek lanpostuak eta lan-baldintzak mantendu behar ditu.

Instituzioek ez dira busti lanpostuak eta enpleguaren baldintzak babesteko; haatik, gogoratu behar da urrian Bizkaiko Batzar Nagusietan alderdi guztiek hartu zuten erabakian zer esaten zen: lanpostu guztiak bermatu behar zirela.

Azken hilabeteetan errepikatu dugu, eta oraindik ere eskari bat daukagu Tapia sailburuarentzat eta Rementeria Diputatu Nagusiarentzat: bilera egin behar dugu, elkarren artean erabakitzeko zein izan litekeen proiektu egoki bat aurrera eramateko modua; langile guztientzako proiektua, lan-baldintzak bermatuko dituena. Gaur administrazioak interpelatzera etorri gara; CELeko beharginen etorkizunarekin dagokien erantzukizuna beren gain hartu behar dute.