ORTUELLAKO ETXEZ ETXEKO ZERBITZUA

Europako Auzitegiak bermatu du Ortuellako Udalak hitzarmenetik gorako soldata-igoerak lizitazio publikoan sar ditzakeela

Europako Auzitegiak bermatu du Ortuellako Udalak hitzarmenetik gorako soldata-igoerak lizitazio publikoan sar ditzakeela
Etxez etxeko zerbitzuko langileek, ELArekin 64 eguneko greba egin ondoren, epai historiko bat lortu dute azpikontratatutako sektoreetako negoziazio kolektiboa eraldatzeko. Patronalaren irizpidearen aurka, udalek enpresei eskatu ahal izango diete zerbitzu publikoen esleipenen pleguan lan-baldintzak hobetzeko.

Atzo, martxoaren 5ean, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak ebatzi zuen baliozko klausula sozial bat dela kontratazio publikoko baldintza-agirietan esleipen-irizpide gisa enpresa lizitatzaileek eskaintzen duten soldata-igoera handiagoa izatea aplikatzekoa den sektore-hitzarmenean ezarritakoa baino. Halaber, Europako zuzenbidearekin bateragarria dela uste du esleipen-irizpide horrek enpresa esleipendunaren betebehar gisa jasotzea soldata-igoera hori gauzatzeko kontzeptuak negoziazio kolektiboaren bidez zehaztea.

Epaiak, beraz, Udalak ELA sindikatuaren eta zerbitzuko langileen aldarrikapenei erantzunez egindako pleguen legezkotasuna bermatzen du. Izan ere, plegu horietan sektoreko soldata-baldintzak hobetzeko bermeak sartzeko beharra aldarrikatzen zuten.

Aldarri hau duela hiru urte baino gehiago jarri zen mahai gainean, Ortuellako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek lantokiko hitzarmen propioa negoziatzeari ekin ziotenean, CCOOk eta UGTk murrizketekin eta erosteko ahalmenaren galerarekin hitzarmen sektoriala sinatzeko aukeraren aurrean. Une hartan, zerbitzuaren ardura eman zitzaion Lagunduz enpresak ez zuen inolako negoziaziorik hasi nahi izan.

Egoera horren aurrean, ELAk Udalari exijitu zion baldintzen pleguan jaso zezala soldatetan eta gizartean hobekuntzak sartzea langileentzako berme gisa, eta erakundeari eskatu zion, zerbitzuaren arduradun zuzena den aldetik, zegokion erantzukizuna bere gain har zezala. Mobilizazioari esker lortu zen akordioa.

Hala ere, hobekuntza horiek jasotzen zituen lizitazio agiri berria argitaratu ondoren, Mendekotasun Zerbitzuetako Enpresen Elkarteak (AESTE) inpugnatzea erabaki zuen OARCen aurrean (honek arazo prejudizial bat planteatu zion Europako Auzitegiari), enpresek lizitazio publikoetara jotzeko duten askatasuna urratu zela argudiatuz eta zerbitzu horiek kudeatzen dituzten enpresen interesen aurkako erasoa egin zitzaiela. Horren bidez, patronala saiatu zen eragozten zerbitzuko langileentzat lan-baldintza hobeak ezar zitezen.

Bere ebazpenarekin, Europak arrazoia eman die Ortuellako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko laguntzaileei, 64 egun baino gehiagoko grebaren ondoren Udalarekin beren lan-baldintzak hobetzen dituen akordio bat lortu baitzuten. 

Horregatik, ebazpen honen aurrean ELAk Ortuellako Udalari eskatzen dio Autoa bete dezala eta berehala lizita dadila plegu berri bat, grebaren ondoren lortutako akordioa jasoko duena eta langileei adostutako soldata eta gizarte hobekuntzak ezarriko diena. 

Gainera, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren ebazpenak berretsi egiten du administrazio publikoek lan-baldintza duinak berma ditzaketela eta bermatu behar dituztela kontratatzen dituzten zerbitzuetan, eta, gainera, aukera irekitzen du zerbitzu hori etxez etxeko beste laguntza zerbitzu batzuetara eta kanporatutako beste sektore batzuetara zabaltzeko.