Greba egun gehiago Ortuellako etxez etxeko laguntza zerbitzuan

2022/07/28
Ortuellako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek, Lagunduz enpresaren eta Udalaren axolagabekeriaren aurrean, greba egun gehiago deitu dituzte. Gaur dute lehen eguna, eta bihar beste greba eguna egin ondoren, beste hiru egingo dituzte irailean. Deialdi horrekin, 8 greba-egun izango dira orotara langileen lan baldintzen defentsan eta hitzarmen propio duin bat lortzeko xedean.

Enpresak uko egin dio hitzarmen propioa sinatzeari, laster Probintzia Hitzarmena sinatzekoa delakoan. Langileek salatu dute, bost urtez hitzarmenik gabe egon ondoren, prekaritatea are gehiago ekarriko duela probintzia hitzarmena eduki atzerakoiekin sinatzen bada. Hori dela eta, grebekin jarraitzea erabaki dute, Udalak bere erantzukizuna bere gain hartu eta aldarrikapenei erantzun arte, eta enpresari hitzarmena sinatzen derrigortu arte.

Gaur, Ortuellako Udal Osoko Bilkuran langileek aurkeztutako mozio baten aurrean, alderdi politiko guztiek, baita agintean dagoen EAJ alderdiak ere, aurrekontu partida berezi bat onartzearen alde agertu dira, langileek eskatzen duten hitzarmena bete ahal izateko eta egungo enpresa esleipendunarekin beharrezko kudeaketak egin ezkero, partida horiek Hitzarmen Kolektibo propio bihurtu ahal izango direlarik.

Horregatik, Ortuellako Udaleko Etxez Etxeko Laguntzako langileek erantzukizun osoa eskatzen diete Lagunduz enpresari eta Ortuellako Udalari osoko bilkuran erabakitakoa betetzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko, alegia.