MFS (TRAPAGA)

Greba mugagabea apirilaren 9tik aurrera

2025/04/04
MFS enpresaren asanbladak ELAren proposamena berretsi du eta greba mugagabea hasiko dute datorren apirilaren 9tik aurrera MFS enpresa Trapagan dago, eta automobilgintzarako piezak egiten ditu, batez ere. Gaur egun 106 langile ditu.

Urtarrilaren 27an administratzaile konkurtsalak Enpresa Batzordeari (ELAko 6 ordezkarik eta LABeko 3k osatua) jakinarazi zion langile guztientzako enplegu erregulazio espediente (EEE) bat aurkezteko asmoa duela. Erabaki bidegabe honen aurrean, ELAk greba mugagaberako deialdia egitea proposatu zuen. Aste batzuk pasa direnean, EEEaren kontsulta-aldiaren hasieraren aurrean, langileek, gehiengo zabalarekin, ELAk egindako proposamena onartu dute eta greba mugagabea deitzeko erabakia hartu dute.

Plantillak antzeko egoera bizi izan zuen 2023an ere. Urte horretan enpresak EEE bat aurkeztu zuen, eta langileen borrokarekin erantzun zitzaion, beren lanpostuen defentsan. Orduan plantilla antolatu zen, greba deialdi bat eginez. Enpresak atzera bota zuen erabakia. Oraingoan ere garbi daukagu antolakuntzak eta mobilizazioak enpresaren erabakiak aldatuko dituztela.