Greba mugagabea Gueñesko Aisia, Gazteria eta Kultura zerbitzuetan

2018/09/15
Basori enpresak jardunari uztearen ondorioz, Gueñesko Aisia, Gazteria eta Kultura zerbitzuetako langileak langabezian gelditzeko zorian dira. Egoera larri horretan, Udalak zerbitzu publikoen gainean erantzukizun zuzena izan arren, ez die langileen egoerari soluzio duinik eskaini. Horregatik, eta zerbitzu publikoen garrantzia aldarrikatzeko, irailaren 17an greba mugagabea hasteko erabakia hartu dute.

Jarraian langileen adierazpen bateratua:

Abuztuaren 28an Badori S.L.k jakinarazpen bana bidali zien langileei, enpresak irailaren 30ean jardunari utziko ziola iragarriz. Enpresa hori Gueñesko hainbat udal-zerbitzuren kudeatzailea da: Gueñesko Kiroldegia, Sodupeko Kultura Etxea, Gueñesko Kultura Etxea, Zaramilloko Kultura Etxea eta Sodupeko Gaztegunea.

Gueñesko Alkatetzak, bere aldetik, irailaren 4an adierazi zigun gure egoera erabat ziurgabea zela, irailaren 30erako beste enpresa hartzaile bat aurkitzeko aukerarik ez baitzen aurreikusten. Beraz, konponbiderik aurkitu ezean, egun horretan bertan plantillako denok kaleratuak izango gara, eta aisia, gazteria eta kulturaren udal-zerbitzuak itxiko dira.

Egoera larri horren aurrean langileok antolatzea erabaki dugu, gure lanpostuak eta lan-eskubideak zaintzearren, eta gure lantokietatik eskaintzen diren zerbitzu publikoen garrantzia nabarmentzeko. Enpresa hartzailearen eta Udalaren kudeaketa txarrak ez die kalte egin behar Gueñesko herritarrei, eta are gutxiago langileei; langileok egunero saiatzen gara eskualde honek kalitatezko zerbitzuak jaso ditzan.

ELArentzat oso argi dago zerbitzu horiek zerbitzu publikoak direla, eta Udala dela gatazka konpontzeko erantzule nagusia; hala ere, Udalak hartu duen lehen jarrera berari dagokion erantzukizuna saihestea izan da. Horregatik, greba mugagabera deitzea erabaki dugu batzarrean. Datorren astelehenetik aurrera izango da, irailak 17, Gueñesko Udalak gure lanpostuen eta lan-eskubideen iraunkortasuna, orain eta gero, ziurtatu dezan.

Greba-deialdiaren aurrean Udalak zein enpresak berehala eman dituzte beren erantzunak; baina proposatu diguten konponbidea ez da nahikoa, ez langileentzat, ezta Gueñesko herriarentzat ere. Gure iritziz, normaltasun-itxurak eman nahi diote batere normala ez den egoera bati.

Konponbide hori urriegia da langileentzat, honengatik:

  • Ez du arazoa konponduko, atzeratuko du; Basoriren kontratua hilabete eta erdi luzatzeak ez du bermatuko baldintza-plegu berri bat garaiz onestea eta ebaztea (azaroaren 16rako beste enpresa hartzaile bat aurkitu ezean, egoera berean egongo gara), eta gainera,
  • Ez da konponbidea plantilla osoarentzat, zati batentzat bakarrik baizik; hilabete eta erdi horretan "instalazioak irekitzeko ezinbestez behar diren zerbitzuak bakarrik" emango baitira, eta udal-ikastaroak (monitoreak) eta aterpetxearen kudeaketa ez da izango.

Herritarrentzat ere ez da onuragarria izango, honengatik:

  • Programaturik zeuden zerbitzuak ez dira eskainiko.
  • Zerbitzu publikoei ez die aitortzen duten garrantzia, eta herritarrek kalitatezko zerbitzu publikoak jasotzeko eskubidea mugatzen du.

Gure asmoa asebetegarria eta negoziatua den konponbide bat bilatzea da; baina akordio bat lortu bitartean, greban jarraituko dugu. Badakigu gure greba honek eraginpean hartzen dituela Gueñesko herritarrak, eta horregatik eskatzen dizuegu 35 familia horien egoera latza ulertzen saiatzeko. Gure aldetik, lanera lehenbailehen itzultzeko irrikan gaude.

Gu ez gara errudunak, kudeaketa txar batek kaltetuak baizik.