URBEGIko greba mugagabeak aurrera jarraitzen du

Enpleguko Zentro Bereziek (SEPEren arabera) honako helburu hau dute: “desgaitasuna duten langileei soldatapeko ekoizpen-lanpostu bat eskaintzea, norberaren ezaugarriekin bat datorrena, langile horien ohiko lan-merkaturatzea erraztu aldera”. ELAk bere buruari galdetzen dio ea helburuen artean ez ote dagoen, baita ere, langile-kidego hori gizarteratzea. Izan ere, soldata horiekin ez dago gizarteratzerik.
Argiago esateko, beren oinarri-soldata loturik dago Lanbidearteko Gutxienezko Soldatarekin (707,60 € 2017an, 52,40 €ko igoera gehitu ostean, hau da, iazkoa baino %8 gehiago). Lan arrunta egiten dute, baina sektore bereko edozein enpresatako langile batek baino askoz diru gutxiago jasotzen dute.
Gainera, aipatu beharrekoa da enpresa horiek diru-laguntza publikoak jasotzen dituztela sorturiko lanpostu bakoitzeko, laguntza teknikoa, mailegu-interesetan pizgarriak, inbertsioak eta abar. Dena dela, onurarik handienetakoak hauek dira: Gizarte Segurantzarentzako enpresa-kuotaren %100eko hobaria dute, eta lanbidearteko gutxieneko soldataren %50eko diru-laguntza.
Duela hamabost egun Enpresa Batzordeak (2 ELA, 2 USO, 1 CCOO) mobilizazio-proposamena aurkeztu zion batzarrari, lan-baldintzak hobetzeko eskatuz. Plantillaren %80ek greba mugagabea onartu zuten, enpresari eskariak onartarazteko neurri gisa. Eskariak hauek dira: soldata-igoera, enplegu-egonkortasun handiagoa, eta lan-hobekuntzak. Hori dela-eta, joan den astean greba-iragarpena erregistratu zen, eta gaur, urriak 23, gaueko 22:00etan hasiko da, gaueko txanda sartzearekin batera.
ELAk dei egiten die plantillako langile guztiei greba egitera, eta bide batez gogoratzen die lan-baldintzak hobetzeko aukerarik onena negoziazio-esparrua enpresan irekitzea dela. Ezinbestekoa da Enkarterrin kalitatezko enpleguaren alde agertzea.