Gurutzetako ospitaleko gerentziak pediatriako kirofanoa itxi du gaueko txandan

2019/06/10
Gurutzetako ospitalean gaueko txandan pediatriako kirofanoa itxi dutela salatu dute ELA, ESK, SATSE, SME/FFHE, UGT, CCOO, LAB, SAE eta UTESEk. Erabakia ulertezina da, izan ere, kirofano hori erreferentziazko zerbitzua da pediatriako pazienteen arretarako, Bizkaian zein inguruko herrialdeetan.

Era berean, larrialdi zerbitzua izanik, egoera kritiko askoren aurrean arreta eskaintzen da bertan: jaioberrien emergentziak, politraumatizatuak, odolusteak, eztarriko trabamenduak, ebakuntza osteko zailtasunak.... Beraz, nabarmendu dute kirofanoaren itxiera ezin dela inolaz ere justifikatu, alferrik galdutako minutu bakoitza erabakigarria baita haurren osasunean.

Gehitu dute aldebakartasunez eta diziplina anitzeko lantaldearen (zirujauak, anestesistak, erizainak…) adostasunik gabe hartutako erabaki horrek modu larrian eragingo duela pediatriako pazientearen segurtasunean.

Hori dela eta, pediatriako kirofanoa ez ixtea exijitu diote Gurutzetako ospitaleko gerentziari, zentzugabekeria dela argudiatuta.