Bilboko Portuko Haizea Wind enpresak langileak kaleratu eta jazartzen ditu

2019/07/18
Haizea Wind, S.L. enpresa 2018an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren onespen guztiekin, inaugurazio-ekitaldira Urkullu Lehendakaria eta Arantxa Tapia Industria sailburua joan baitziren. Hala ere, enpresa horretako lan-harremanen ezaugarriak ezarpenak, prekarietatea eta iruzurrezko kontratazioa dira. ELAko ordezkariek elkarretaratze bat egingo dute bere egoitzan, Iberdrola dorrean, mobilizazioen abiapuntu gisa, kalitatezko enpleguaren eta lan-osasunaren alde, eta kaleratzeen aurka.

Haizea Wind, S.L. proiektu eredugarri moduan sortu zen, hain bipildurik dagoen Ezkerraldean industria berria eta enplegua sortzeari begira. Baina zoritxarrez langileek lan-baldintza duinak eskatzen dituzten bakoitzean zapalduak eta kaleratuak izaten dira.

Haizea Wind-eko plantilla 160 langile ingurukoa da, baina pertsonal azpikontratatua ugariagoa da; beraz, langile-kidegoen arteko aldeak handiak dira, eta gehiegikeriak eta lege-iruzurrak eguneroko kontuak dira. Izan ere, ezin konta ahalako irregulartasunak gertatzen dira: 12 ordutik gorako lanaldiak, 20 egunetik gorako zikloak atsedenik gabe, langileen legez kontrako lagapenak, behin-behineko kontratuak lege-iruzurrean, eta hirugarren munduko lan-baldintzak.

Haizea Windeko Zuzendaritzak agintekeriaz jokatzen du, eta hamabi langile baino gehiago kaleratu ditu, haietako asko Bizkaiko Metalgintzaren greba-egunak egin ostean, kontratu-amaierak alegatuz, baina epaitegietan kaleratzeak bidegabeak direla onartuz.

Zuzendaritza negoziazio-mahaitik jaiki da, horrela hitzarmenaren negoziazioa oztopatuz, eta bere benetako aurpegia erakutsiz. Zuzendaritza hori ez da gauza izan langileen eskakizunak ulertzeko, arrazoizkoak baino arrazoizkoagoak izan arren: berezko enpresa-hitzarmena, atseden ordainduak, eskulan kualifikatuko sektore honi dagozkion soldatak eta plusak, lan-osasuna eta abar.

ELAren iritziz Haizea Windeko Zuzendaritzak ez du benetan kontuan hartu lan-osasunarena, eta lehenago edo geroago ezbeharren bat gertatuko da. Enpresaren jarduera arriskutsua da, manipulatzen diren piezen tamainagatik. Hala ere, arineketan ibili beharra eta lan-erritmo azkarregiak direla-eta, eguneroko lana gero eta arriskutsua da. Haizea Windeko prebentzio-ordezkariek egina dute, dagoeneko, bilera bat Osalanen, hemen gertatzen dena azaltzeko, eta Lan Ikuskaritzan aurkeztu beharreko salaketak prestatzeko.

ELAk berresten du Haizea Windeko langileekin hartu duen konpromisoa, lan-baldintza duinak lortzekoa, eta dei egiten die lan-agintariei, Bizkaian, Bilboko Portuan, proiektu prekario eta diktatorial bat errotzen ez uzteko.