KBUS BARAKALDO

Jarraipen zabala izan du grebak

2023/02/28
Zerbitzua kudeatzen duen enpresak uko egiten dio plantillaren baldintzak hobetzeari, argudiatuz Udalak ez diola tarterik uzten.

Barakaldoko autobus zerbitzuko hiru lineatan lan egiten duten hogeita hamar beharginek greba egin dute gaur euren lan-baldintzak defendatzeko. Greba egunak ez du inolako gorabeherarik izan eta gutxieneko zerbitzuak bete dira. Herriko Plazan egin dute protesta grebalariek, Barakaldoko Udaletxearen aurrean. Langileek Udalari eskatu diote lan baldintzen eta zerbitzuaren hobetzea exijitu diezaiola enpresari.

Izan ere, Transitia Taldeak uko egiten dio plantillaren baldintzak hobetzeari. Hamar urte daramatzate baldintza berberekin,  hitzarmena izoztuta. KBUSeko langileek hitzarmena berritzea eskatzen dute KPItik gorako soldata-igoerekin, bestelako hobekuntzak eta antolamenduarekin lotutako eskakizun batzuen artean.

Barakaldoko Udaleko hainbat talde politikorekin bildu da ELA egoera zein den azaltzeko eta akordio batera iristeko beharraz ohartarazteko, udalerriari eragiten dion gatazkarik sor ez dadin. Baina blokeo egoerak bere horretan jarraitzen badu, mobilizazioak areagotuko dira datozen asteetan.