H&M Bizkaia
Jarraipena zabala izan du Enplegu Erregulazioko Espedientearen aurkako bosgarren greba egunak

Bizkaiko H&Mko langileek bosgarren greba eguna egin dute enpresak urtarrilean jakinarazitako Enplegu-Erregulazioko Espedientearen aurka. Kaleratze kolektibo horrek Espainiako Estatuko 521 langileri eragiten die; Euskal Herrian, Portugaleteko (Bizkaia) Ballonti merkataritza guneko langileei. Gauzak horrela, Bizkaiko emakumezko langileek 5 eguneko greba hasi zuten Ballontiko lankideei babesa emateko. Jarraipen zabala izan du grebak, eta arazoa konpontzen ez bada, greba egun gehiago deituko dituztela iragarri dute.
Estatuko mahaian, 107 lanpostu eskaini ditu enpresak, baina bat ere ez Bizkaian; beste arrazoi bat langileek grebarekin jarraitu nahi izateko. Ez dago aukerarik langile bakar bat ere birkokatzeko, eta enpresak ez du kalte ordainei buruz hitz egin nahi. Esan du ez dela horretaz hitz egiteko unea.
EEE berri bat da, baina ez da lehena. 2021ean, antzeko beste egoera batean zeuden. Orduko hartan, 55 eguneko grebaren ondoren, helburua lortu zuten: ez zen kaleratzerik egon, borondatezko irteerak baino ez.