La Naval-en etorkizunaren aldeko manifestazioa abenduaren 1ean

Agiri bateratua:
Enpresaren etorkizunaren aldeko apustua ezinbestekoa da, Euskal Herriarentzat eta batik bat Ezkerraldearentzat estrategikoa delako. Ezin dugu onartu 2005 arte enpresa publikoa izandakoa eta mende bateko bizitza duen enpresa enblematikoaren desagertzea, eta bailarak hamarkadetan zerbitzu alorraren mesederako pairatzen ari den industria gabetze geldiarazi behar dugu.
Eskualdean lan-jarduna zerbitzuetara bideratu izanak ondorio larriak izan ditu langile eta biztanleengan: gutxieneko baldintza duinak suntsitu ditu, eta merkataritza, komunikazio, atsedenerako... alorretan sortzen diren enpleguak prekarioak dira (lanaldi partzialak, 660 euroko lan sariak...).
Egun La Navalek gaurkotasuna badu ere, bailaran amaigabeko hondamendia jasaten ari gara. Hor daude Productos Tubulares mahai gainean aldi baterako EEEarekin, Tecuni 40 lanpostu galtzeko mehatxuarekin... Enpresa bat ixteak bere langileengan ez ezik, eskualde osoan eragiten du.
Azpikontratetako langileek muturreko egoera bizi dute, eta beste sektore batzuk ere industria birmoldaketa eta -eraispenaren ondorioak pairatzen dituzte . La Navalen kasuan 177 langile dira ontziolarako zuzenean lan egiten dutenak, baina funtzionamendu arruntean 2000 langilek lan
egiten dute azpikontratentzat.
Egoera honetan, erakundeek kea baino ez dute saltzen. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bailarako udalen konplizitatearekin sustatutako BASQUE INDUSTRY 4.0 ospetsuak eta Larrialdirako Plangintzak ez diote mesederik egin Ezkerraldeari. Are gehiago, enpresa eta zerbitzuen pribatizazioa bezalako neurri neoliberalak ezarri dituzte.
Erantzukizunak exijitzen ditugu. Murueta Ontziolek eta Ingeteamek, enpresaren erantzuleek, La Naval-en likidazio planteatzera eraman dituzten arrazoiak azaldu behar dituzte. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ezkutatzeari utzi eta La Navalen geroa bermatzeko zer egingo duten azaldu behar dute. Ez du hitz-erdika eta sasiegitan ibiltzen balio, La Navalen aktiboak lortzeko eskaintza egiteko garaia da.
Suntsipenerako EEE berehala bertan behera uztea exijitzen dugu. EEEa ezarriz gero La Navalek berea egin du. Zuzeneko 177 lanpostu eta zeharkako beste 2000 behin betiko desagertuko dira.
Ezkerraldeko industria plangintza batek La Navalen defentsa aktiboa egin, funts publikoa sartu, kontrol publiko zuzena bermatzeko BIRPUBLIFIKAZIOA eta ontziolaren aktibitateari eta, beraz, bere enpresa laguntzaileenei, jarraipena eman behar dio bai ala bai.
Errekuperazio ekonomikoaz mintzatzen zaizkigu, baina hemen, Ezkerraldean, gero eta langabezia, pobrezia eta jendarte bazterkeria handiago ikusten dugu herri eta auzoetan.
Abenduaren 1ean kalera irtengo gara, La Naval Ez Itxi!! oihukatzera; ontziolaren alde egiten dugulako eta jakin badakigulako nolakoa uhin hedakorra sortuko duen horrelako enpresaren itxierak.
Sinatzaileak: EZKERRALDEKO GIZARTE-ELKARTEAK ETA SINDIKATUAK: Berrio-Otxoak; Emakumeen Aholkularitza Zentroa, Argitan; Portugaleteko Gizarte Eskubideen Bulegoa; Santurtziko DSBEren Informazio Gunea; ELA, LAB, ESK, STEILAS, CGT eta CNT.