Langile bat hil da Sistems Melesur Energía enpresan, Iberdrolako azpikontrata

2021/01/13
36 urteko langile bat hil zen urtarrilaren 12an Trapagarango Sistems Melesur Energia enpresan izandako lan istripu batean. Langilea hiru metro eta erdiko altueratik erori zen; goi-tentsioko dorre batean zegoen egitura behera etorri zen. Sistems Melesur Energía Malagako (Andaluzia) enpresa bat da, Iberdrolaren azpikontratatua. Langileak 4 urte zeramatzan enpresa horretan, eta Andaluziatik etorri zen lan hori egitera. Urteko lehen hildakoa da lanean. 2020an 66 langile hil ziren Hego Euskal Herrian, horien artean Joaquin Beltran, Zaldibarko zabortegiaren hondakinen artean desagertua.

ELAk doluminak eman dizkie hildakoen senideei eta lagunei, eta ikerketa bat egiteko eskatu die, arrazoiak lehenbailehen zehazteko eta erantzukizunak argitzeko. Era berean, enpresen onuren aurrean jendearen bizitza lehenesteko eskatu die gobernuari eta erakundeei, eta arriskurik gabe lan egiteko behar diren neurri guztiak hartzeko patronalari, gaur egun hori posible baita prebentzioaren arloan dauden aurrerapen teknikoei esker. Prebentzioan inbertitu behar da, osasunean irabazteko. Laneko segurtasuna eta osasuna lehenesten ez badira, aurten beste giza bizitza batzuk izango ditugu, lan-prekarietateak eraginda. Kasu zehatz honetan, Iberdrola da azpikontratatutako langileen lanak modu seguruan egiteko baldintza egokiak bermatzearen zuzeneko arduraduna, baina argi dago ez zela ondo egin eta emaitza hildako gazte bat da. Beste behin, azpikontratazioak hil egiten duela ondorioztatu da.

Melesurreko enpresa-batzordeak elkarretaratzea deitu du urtarrilaren 13rako, 11: 00etan, enpresaren aurrean, lan-istripu hilgarria salatzeko. ELAk bat egingo du ekitaldiarekin, euskal gehiengo sindikalarekin batera