Kbus Barakaldo

Langileek beste 8 greba egun iragarri dituzte

2023/10/27
Kbus Barakaldoko langileek zortzi hilabete daramatzate mobilizazioetan, eta azaroan beste zortzi greba egun egingo dituzte, gaurko eta etorkizuneko baldintzak bermatuko dituen hitzarmen bat aldarrikatzeko, plantilla osatzen duten hogeita hamar pertsonen baldintzak hobetuz. Grebak azaroaren 7an, 10ean, 13an, 15ean, 16an, 20an, 23an eta 30ean izango dira.

Urriaren 27an egin da iragarpena, langileak Barakaldoko udaletxearen aurrean 9:00etatik 21:00etara egiten ari diren kanpaldian. Kanpaldiaren helburua KBUSen zerbitzuaren blokeo egoera larria agerian uztea da. Bien bitartean, Transitia enpresak eta Udalak egoera horren erantzukizuna elkarri botatzen diote. Egunean zehar, langileek hainbat ekintza egingo dituzte Barakaldoko herritarrengana iristeko.

ELAk premiazko neurriak eskatu dizkio Barakaldoko Udalari, plantillaren baldintzak arautu behar dituen hitzarmenean akordio bat lortzeko.