CORREOS

Mobilizazioei ekin diete pribatizazioaren kontra

2023/03/15
Correoseko langileek mobilizazioak hasi dituzte sektoreak jasaten duen pribatizazioa salatzeko, baita langileak erosahalmena galtzen ari direla eta lan baldintzak okertzen ari direla ezagutarazteko ere. Sindikatuak dio Posta Erregelamenduaren zirriborro berriak sektorea %100ean liberatu nahi duela eta Correos hainbat enpresatan pribatizatu eta banatu nahi duela. Onartuz gero, baliteke Posta Zerbitzu Unibertsala beste operadore batzuen esku geratzea, landa inguruneetako zerbitzuak galtzea eta prezioak igotzea.

ELAk ziurtatu du langileen lan baldintzak okertu egiten direla urtez urte; norbait gaixotzen den bakoitzean ekonomikoki zigortzen da, Correosen ez dagoelako gaixotasun profesionalen zerrendarik; ondorioz, ez du soldataren %100 jasotzen. Era berean, langileek jarraitzen dute erosteko ahalmena galtzen: 2021ean soldata %0,9 bakarrik igo zen KPIa %6,5 igo zen arren; 2022an, berriz, KPIaren igoera %5,7koa izan zen, baina soldatarena %3,5ekoa baino ez.

2022an, sindikatu nagusiek akordio bat sinatu zuten, 2023an %3,5eraino igotzeko, BPGaren eta KPIaren baldintzapean, baina Correosek ez du %2,5 ere ordaindu. Eta aurreko urteetan Correosek ez du urteko igoera azarora arte ordaindu. Gainera, 2014an soldatak %5 murriztu ziren eta ez dira berreskuratu.

ELAk gaineratu du enplegu publikoaren azken deialdiak prekaritatean sakonduko duela. Izan ere, 723 lanpostu eskaintzen dira Euskal Herrian, baina heren bat baino gehiago lanaldi partzialekoak dira, eta horrek bulegoetako langileei eragingo die bereziki.

ELAk deitoratu du, zerbitzu publikoa izanik, etekinak bilatzea bihurtu dela helburu nagusia, kalitatea murriztearen truke.