Ortuellako Tecuni enpresako Zuzendaritzaren jarrera antisindikala salatu du ELAk

2018/11/08
Tecuniko plantillako langileek urriaren 30ean 4 orduko lanuzteak egin ostean, manifestazioan atera ziren beren lan-baldintza prekarioak kalean salatzeko, eta bi lankideen kaleratzeengatik beren haserrea agertzeko. Horren aurrean, astebete beranduago Tecuni-ko Zuzendaritzak langile grebalariei deitu zien esparru-kontratu bat hautsi daitekeela esanez mehatxatuz. Enpresaren jarrera antisindikal eta arduragabea salatu dute langileen ordezkariek.

Jarraian ELA eta LAB sindikatuen oharra:

Tecuni, S.A. Ortuellako Abra Industrial Enpresa Parkean dago, 228 langileko plantilla dauka, eta mantentze elektrikoko zerbitzuak ematen dizkie 20 udali baino gehiagori (Bilbo, Arrasate, Bermeo, Zierbena...), eta askotariko lanak egiten dizkie hainbat erakunderi (Iberdrola, Bizkaiko Foru Aldundia, Red Eléctrica España, Deustuko Unibertsitatea, Euskal Herriko Unibertsitatea, Osakidetza, Ferrovial...).

Tecuniko plantillako langileek urriaren 30ean 4 orduko lanuzteak egin ostean, manifestazioan atera ziren beren lan-baldintza prekarioak kalean salatzeko, eta bi lankideen kaleratzeengatik beren haserrea agertzeko.

Astebete geroago, azaroaren 5ean, eta langileen ordezkariekin bilera bat bera ere egin gabe Tecuniko Zuzendaritzak Omexon Bilbao ataleko langileei deitu zien (langile grebalariak) ohartarazteko eta mehatxatzeko, Iberdrolarekin dagoen esparru-kontratua hautsi daitekeela esanez. Hala izango balitz, 40tik gora familiaren etorkizuna kolokan geratuko litzateke.

ELA eta LAB sindikatuok jendaurrean salatzen dugu Tecuniko Zuzendaritzaren jokabide antisindikala eta langileekiko eta haien familiekiko ardurarik eza. Era berean, gainerako atal sindikalen utzikeria (CCOO eta UGT) ere salatzen dugu, Enpresako Zuzendaritzaren eskutik baitoaz.