Osakidetzak lehen mailako arreta zerbitzua murriztu du berriro, oraingoan Barakaldon eta Sestaon

2021/06/15
Osakidetzak herritarrei eskubideak murrizten jarraitzen duela salatu du ELAk. Ohar labur baten bidez, Barakaldoko eta Sestaoko osasun zentroak ekainaren 28tik aurrera 17:00etan ixtea inposatu du, 20:00etan itxi beharrean, erabakia justifikatzeko argudiorik eman gabe. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak aurrezteko, aurreikuspenik ez izateko eta oporraldian langileak ez ordezkatzeko erakutsitako politikaren barruan kokatu du sindikatuak aldaketa berri hori. "Joan den udan lehen mailako arretan bizi izan zen kolapso egoeraren ostean, mahai gainean jarri du berriro plan bera. Helburua argia da: eskubideak murriztea eta udatik udara zerbitzuak pribatizatzea", deitoratu dute.

Sindikatuak urteak daramatza ohartarazten lehen mailako arretaren jarduerak nabarmen egin duela gora, lan-kargak gora egin duela eta horrek ez duela baliabide gehiago ekarri, eta horrek tentsioa eragin duela langileen artean.

"Osakidetzan langilerik ez egotea ez da gauza berria; hala ere, maila asistentzial horren aldeko apustu garbia egin beharrean, Osakidetzak lan eskubideak eta herritarren osasun arretarako oinarrizko eskubideak murriztearen alde egiten du", deitoratu dute.

“Euskal Osasun Zerbitzu Publikoan bizi dugun errealitatea kezkagarria da; izan ere, ez dago kalitatezko osasun-zerbitzu bat garatzeko benetako borondate politikorik, edo oinarrizko eskubide hori murrizteko eta pribatizatzeko nahia dago”, kexu da ELA.

Gauzak horrela, herritarren eskubideak murriztea dakarren edozein neurriren aurka dago sindikatua. Hori dela eta, Osakidetzak, behingoz, lehen mailako arretaren aldeko apustu garbia egin dezala eskatu du, herritarrei arreta hori emateko behar diren giza baliabideak eta baliabide materialak bermatzeko beharrezko aurrekontua emanez, eta kalitatezko arreta eskainiz.