Petronorreko azpikontratatutako langileen inguruko LHK-ko bilera aurrerapausorik gabe amaitu da

2022/02/16
Petronorren azpikontraten egoera aztertzeko bilera akordiorik gabe amaitu da. Gaur, otsailak 16, PRECOn egin den bilerak ez du emaitzarik eman, beraz, ELA, CCOO, UGT, ESK eta LAB sindikatuek Petronorren lan egiten duten kontrata eta azpikontrata guztientzako akordio loteslea lortzeko otsailaren 24rako, martxoaren 3rako, 10erako eta 11rako deitutako grebari eutsiko diote. Findegiko langile azpikontratatuen baldintzak arautuko dituen akordioa lortu nahi dute sindikatuek, enpleguaren egonkortasuna bermatzeko eta plantako langileen artean dauden desberdintasunak ezabatzeko. Izan ere, kontratek eta Petronorrek eskubide berberak izateko aukera ukatzen diete, desberdintasunetan eta diskriminazioetan sakonduz. Hurrengo bilera otsailaren 22an izango da.

Sindikatuen helburuak, PRECOrekin datozen bileretan defendatzen jarraituko dutenak, argiak dira: langileen laneko segurtasuna eta osasuna erdigunean kokatzea, guztiek eskubide berberak izatea eta erreferentziako sektoreko hitzarmenaren gutxieneko baldintza izatea.