Mobilizazioak Petronorren, enpresak uko egin diolako hitzarmen berri bat sinatzeari

2023/01/23
Zuzendaritzak bost urteko akordioa baino ez du eskaintzen, ez du KPIa ziurtatzen, ez ditu urteko lanorduak murriztu nahi, eta aldi baterako kontratazioak egin nahi ditu, lan karga estrukturala bada ere; hori guztia, 2022ko lehen bederatzi hilabeteetan 305 milioiko irabaziak lortu dituenean.

Inflazioa inoiz baino altuagoa denean, eta inoizko emaitzarik onenak lortu baditu ere -2022ko lehen bederatzi hilabeteetan, Petronorrek 305 milioi euroko irabaziak izan ditu-, zuzendaritzak ez du 2019ko amaieran iraungi zen hitzarmena berritu nahi, eta kaleratzeekin erantzuten die langileak egiten ari diren mobilizazio eta grebei. Gainera, aparteko orduak handitu ditu, 2020rako hitzartutako kontratazio konpromisoak betetzeko atzerapenak direla eta, eta azpikontratazioaren aldeko apustuan sakondu du.

Mobilizazioak findegian eta Lan Ikuskaritzaren aurrean egiten ari dira, eta erakunde horren pasibotasuna eta konplizitatea salatu dute. Petronorren egiten diren aparteko orduen aurrean beste alde batera begiratzea leporatu diote.