Petronorreko zuzendaritzak planteatutako ERTEa ez dago justifikatuta

2021/03/30
Petróleos del Nortek, Petronor, Enpresa Batzordeari jakinarazi dio ekoizpen- eta antolamendu-arrazoiengatik ERTE bat hasteko asmo formala duela. ELAk Muskizko findegian duen atal sindikalaren iritziz, ERTEren proposamena ez dago justifikatuta.

ELAko atal sindikalak uste du oso larria dela zuzendaritzaren xedea, enpresaren helburua lanpostuak gutxitu eta prekarizazioa sustatzea delako, kontratazio modu berriak erabiliz. Onargaitza da ERTEa baliatzea lan baldintzetan aldaketa esanguratsuak egiteko. ERTEa aitzakia da lan hitzarmeneko eduki garrantzitsuak aldatzeko. Lan hitzarmena 2019an amaitu zen, eta berriro negoziatzekoa zen, 2019ko eta 2020ko adostutako akordioak bete ondotik.

ELAk gaitzetsi nahi du Petronorrek ERTEa abiatu nahi izatea, eta guztiz zentzugabea dela azpimarratu nahi du: izan ere, enpresak ez ditu betetzen enpresa komiteak aurretik lortutako legez edo hitzarmen bidez ezarritako lizentzia eta baimenen kontzesioak. Enpresak baimenak ukatzen ditu langileak falta direlako, lanpostu txandatzeak ez direlako egiten edota azken urteotan ez direlako langile gazteagorik sartu. Ondorioz, ekoizpen unitateetan nabarmen gutxitu da langileen ekoizpen jakintza, eta nekez ordezkatuko daitezke langileak baimen edo bestelakoren bat eskatzen badute.

Petronorreko egungo langile kopuarekin ezin zaie amatasun eta aitatasun baimenei erantzun, ezta eszedentziei, lan jardun murrizketei eta abarrei ere. Gainera, horri guztiari gaineratu behar zaie langileok sartu behar dituzten aparteko orduak. ELAK hainbatetan salatu ditu horiek, eta, hala ere, 12 orduko lanaldiko geratze teknikoak programatu dituzte, txandakako zortzi orduko lanaldiak ezarri beharrean.

Horregatik guztiagatik, ELAko atal sindikalak gaitzetsi nahi du zuzendaritzaren jardute moldea: justifikaziorik gabekoa da. Langileon trebakuntzaren alde egite dezan eskatzen dugu, langileen ezagutza maila handitzeko, aparteko orduak saihesteko eta kontziliazioa hobetzeko.