Sestaoko ArcelorMittaleko langileen egoera geroz eta prekarioagoa da

2021/05/12
ELAk salatu nahi du geroz eta larriagoa dela Sestaoko ArcelorMittaleko langileen egoera, enpresak produkzioa lehenesten delako segurtasunaren gainetik. Horren adibide dira hilabete honetan izandako bi istripuak, biak ere oso larriak. Langile bat ospitalean zen bitartean, beste kide bat ingresatu behar izan dute.

Lan segurtasunaren esparruko legea argia da: enpresako Prebentzio Zerbitzuek saihestu, kontrolatu eta murriztu behar dituzte arrisku egoerak, eta horretarako dituzten giza baliabideak zein baliabide material eta ekonomiko guztiak erabiliko dituzte. Enpresak, ordea, bere baliabideak kontrarako baliatzen dituela dirudi, lehenetsiz ekoizpena langileen eskubide eta segurtasunaren aurretik.

Honekin bat, ELAk salatu nahi du langileek lan erritmo handiak dituztela, eta jazarpen eta kontrol gogorra jasaten dutela. Gainera, bi istripuen kasuan, enpresak ez du bete prozedura prebentzio ordezkariei horren berri emateko betebeharra.

Sindikatuak ez du onartuko enpresak orain erantzukizuna langileengan jartzen saiatzea, argi baitago segurtasun neurriak ez direla egokiak, eta daudenak huts egin dutela edo ez direla entzuten; izan ere, istripuaren ondoren, sirena aldatu behar izan da.