16 hilabeteko negoziazioaren ondoren, Gasteizko Mercedes-Benzeko zuzendaritzak ez du akordiorik lortzeko asmorik

Azken urteetan kaleratzeak, hitzarmena ez betetzea, zenbait kolektiboren lan-baldintzak aldatzea, behin-behineko kontratuekin eta kontratu mugagabeekin salerosketak eta iruzurrezko kontratazioak jasan dituztela gogorarazi dute sindikatuek. Gaineratu dutenez, erdieroaleen krisiaren aitzakiaz baliatuta, enpresak ERTEak ezarri ditu. "Malgutasun tresna bat gehiago da, baina oraingoan diru publikoaz baliatuta. Ostegunero produkzioko langile guztiak zain egoten dira larunbat horretan bertan aparteko lanaldi batean lan egiten duten eta hurrengo astean zein egunetan lan egiten duten jakiteko".
Plantillak 2021. eta 2022. urteak soldata igoerarik gabe daramatzan bitartean, ELA, LAB eta ESK bi urte horietarako negoziazio proposamenerako akordioa ixten saiatu dira UGT eta CCOOrekin. "Hasiera batean egingarria zirudien, sindikatu horiek ere konpromisoa hartu zuten langileekin hori egiteko, baina azkenean enpresak noiz, zer eta nola negoziatzen den esan arte itxarotea erabaki zuten", deitoratu dute.
Hala eta guztiz ere, ELAk, LABek eta ESK-k, plantillaren % 45 eta produkzioko langileen % 50 ordezkatuta, negoziazio-batzordea deitu zuten. Enpresak uko egin zion deialdiari, gehiengoa ez zirelako aitzakian, nahiz eta hori ez zaion inporta izan aurreko egoeretan. Ondoren, sindikaturen batek jarrera bera hartu zuen.
Gauzak horrela, astelehenean, maiatzak 9, batzordearen ezohiko osoko bilkura deitu dute, Batzar Orokorra deitzeko, sindikatu bakoitzak bere jarrera azaltzeko eta negoziazioa langileen mesedetan bideratzen saiatzeko.
Sindikatuek gogorarazi dute Mercedes Gasteizek azken urteetan ekoizpen-, kalitate- eta mozkin-maila altua lortu duela.