“Blindatu eta hobetu egin dugu hitzarmena DHL-n” #Landeia #EmanBostekoaGaraipenari

2019/11/19
#Landeia aldizkariaren azken alean 70 eguneko grebaren ondoren Aguraingo DHLn lortutako garaipenaren nondik norakoak azaldu ditu Roberto Pardok, Arabako Industria eta Eraikuntzako arduradunak. #EmanBostekoaGaraipenari

Uztailaren 30ean, zuzendaritzarekin adostutako hitzarmena berretsi egin zuen Aguraingo DHL logistika-enpresako langile-batzarrak, eta horrela amaitu zen 70 eguneko greba, gogor askoa. Hitzarmen bikain hori erdiesteko langileek egin duten ahalegina azpimarratu du Roberto Pardok.   

Luzea eta zaila izan da gatazka, baina, azkenik, langileak garaile. Zer nabarmenduko zenuke hitzarmen berri horretatik?

Lehenik eta behin, blindatu egin dugu enpresa-hitzarmena, zeina 2021era arte izango baita indarrean, ez aplikatzearen aurkako klausulen eta aurreraeragin mugagabearen bidez. Bestalde, Merkantzien Garraioko Arabako hitzarmen probintziala, subrogazio-eskubidea jasotzen duena, izango da erreferentziako hitzarmena. Beste lorpen garrantzitsu bat: kendu egin da betiereko soldata-eskala bikoitza. Horri esker, ezingo da inor eduki 12 hilabete baino gehiago langile espezialista kategorian. Lehen, aldiz, zortzi urte ere irauten zuten bitarteko lan-kontratuek. 

Behin-behinekotasuna ere mugatzen du hitzarmenak, eta zenbait formula jasotzen ditu langileen kontratuak mugagabe bihurtzeko aldi baterako kontratuak legezko epemugara iristean. Urtero berrikusten den formula baten arabera, adibidez, eragiketetako langileen kontratuak mugagabeak izatea bermatzen da. Orain arte, horri buruzko salaketaren bat jartzen genuenean enpresak isuna ordaintzen zuen, eta kito.  Orain, berriz, behin-behineko 11 kontratu mugagabe bihurtu dira. Lortu dugu, halaber, zortzi langile kategoriaz igotzea eta, honenbestez, haien urteko soldata 3.500 euro handiagoa izatea. Azkenik, KPIaren gainetik dago hitzartu dugun soldata-igoera orokorra; urteko lanaldiak, berriz, zortzi lanordu gutxiago izango ditu.

Garbi dago, beraz, negoziazio kolektiboaren helburu bakarra ez dela soldata-igoerak negoziatzea. Zuen kasuan, enpleguaren kalitatea izan da gai nagusietako bat.

Logistikako enpresa bat da DHL, eta hitzarmen propioa du, baina hitzarmen subsidiarioa estatu mailakoa da, Saltoki Handietakoa. Guretzat oso garrantzitsua zen hitzarmen subsidiarioa Arabako Merkantzia Garraiokoa izatea: batez ere Eroski eta Bellotarentzat egiten du lan DHLk, eta hitzarmen honek subrogazio-eskubidea jasotzen du; Saltoki Handietakoak, aldiz, ez.

Aurreko hitzarmenak 36 hilabeteko aurreragina zeukan, eta haren indarraldia 2017aren amaieran bukatu zen. Hitzarmen berriaren negoziazioa hasi zenean, proposamen onartezin bat egin zigun enpresak: lau kategoria sortzea. Lehenbizikoa, lehendik zegoena, hitzarmenetik kanpo dago egun. Bigarren kategoriari –enpresan lan egiten dutenei– enpresa-hitzarmena aplikatuko litzaioke, Merkantzia Garraioko lurraldeko hitzarmenaren gainetik dagoena;  hirugarrenari –langile hasiberriak– merkantzia-garraioko hitzarmena, eta laugarrenari –ABLEetako langileak–, azkenik, Arabako Merkantzia Garraioko hitzarmena aplikatuko litzaioke, baina soldatari eta lanaldiari dagokienez bakarrik. “Banatu eta irabazi” deritzon politika zerabilen DHLk.

Gogora dezagun zer testuingurutan egin zen eskaintza hura: Lan Ikuskaritzak eman berria zion arrazoia ELAri enpresak ABLEen iruzurrezko erabilera egiten zuela eta. Bestalde, soldata-eskala bikoitzari bere horretan eutsi nahi zion enpresak, eta langile kontratatu berriei Merkantzia Garraioko hitzarmen probintziala aplikatu, lantegiko hitzarmen propioaren ordez.

Grebarik egin izan ez balitz, ezinezkoa zatekeen garaipen sindikala, ezta?

Langileek garbi ikusi zuten antolatu eta elkartuz gero hitzarmen on bat lor zitekeela; jabetu ziren borrokak fruituak ematen dituela, eta dauzkan baliabide guztiak beren esku jarri zituen sindikatu batean antolatu ziren. Eta are gozoagoa da garaipena kontuan harturik aldarrikapen nagusien helburua hau zela: langile-talde ahulenen eta prekarizatuenen baldintzak hobetzea.  Langileok grebara jo eta 70 egunez borrokari eutsi izanak behartu du zuzendaritza negoziatzera. Hamabi hilabeteko epean hitzarmenari buruzko 14 bilera egin ziren, baina zuzendaritzak bere horretan jarraitzen zuen. Azkenik, maiatzean, lau orduko lanuzteak egin genituen hiru egunez eta, ondoren, greba mugagabeari ekin genion. Bi hilabete pasatxo igaro ondoren, sinatuta zegoen hitzarmena.

Denetik egin zuen enpresak 70 egun horietan greba geldiarazteko…

Bai, eskura zeuzkan baliabide guztiak, baita legez kanpokoak ere, erabili zituen enpresak greba amaiarazteko. Enpresa barruko eskirolez baliatu zen, beste kategoria batzuetako langileak grebalarien lana egiten jarri zituen, aparteko orduak egiten uzten zuen… Langileak legez kanpo ordezkatzen ere jardun zen. Enpresak lotsagabeki urratu zuen funtsezko eskubide bat, greba egitekoa, alegia. Greba batean ikusten da nolakoa den jendea; gurean, garbi ikusi zen nolakoa den enpresa. Harro eta ozenki esaten du DHLk zenbat balioesten dituen bere langileak, eta zenbait sari edo lehiaketa ere antolatzen ditu; adibidez, urteko langilerik onena hautatzekoa. Itxurakeria hutsa. Langileak estimatzen ditu enpresak, bai, baina langile otzanak bakarrik. Grebak iraun zuen bitartean, karpa bat eduki genuen lantegiaren aurrean, eta handik ikusten genuen zuzendaritzak nola egiten zituen elkarrizketak jendea kontratatzeko. Gu probokatzen saiatzen ziren, piketeek indarkeriaz erantzun eta, hartara, borrokari zilegitasuna kenduko ziotelakoan, baina grebalariek ez zioten amuari kosk egin.

Guztira 110 langilek dihardute enpresan, eta horietatik 40 inguru hitzarmenetik kanpo daude. Grebara, berriz, 50 bat langilek jo zuten, eta gehienak ELAkoak ziren. Batzordeak deitu zuen greba, baina lanuztearen erdian, atzera egin zuten UGTko bi ordezkariek. Ez zen oso kolpe gogorra izan, ELA ari baitzen gatazka gidatzen, baina erabaki positiboa ere ez zen izan langileentzat.

Egun asko dira 70…

Higadura psikologikoko gerrak bezalakoak dira horrelako grebak, eta langileek elkarri ematen dioten animuari esker irauten da. Jakina, erresistentzia-kutxak ere asko laguntzen du. Komeni izaten da, bestalde, gauzak egitea: karpa bat muntatu genuen, eta enpresaren aurrealdean bazkaltzen genuen; manifestazioak egin genituen, gizarteari grebaren berri emateko; DHLren bezeroekin (Bellota eta Eroski) hitz egin genuen, beste enpresa batzuetako ELAko ordezkarien babesa jaso genuen… Egunero antolatzen genuen zerbait. Eta beldurrari ere egin behar zaio aurre. Izan ere, langileak beldurtzen ere ahalegindu zen enpresa: bezeroak galdu egingo genituela, kale gorrian geratuko ginela… Konplikatuak izaten dira luzatzen diren grebak, baina lagungarri izaten dira langileak elkartzeko, leialtasun-sareak ehuntzeko, loturak sortzeko… Gauza on ugari sortu ohi dira une gogorretan.

Denboran atzera begiratuta, zer balorazio egiten duzu gatazka hartaz?

Pozik dago jendea, bai emaitzarekin, bai prozesuarekin. Bestalde, hautsi egin da zenbaitek enpresa horretaz zeukan irudi maitagarria, eta garbi geratu da zuzendaritzarentzat zenbaki hutsak garela langileok.  Langileak nabarmen ahaldundu dira, eta oso interesgarria da hori etorkizunerako. Harro gaude hitzarmenaren eta lan-harremanen eremuaren alde borrokatzeko erakutsi duten kemenaz.

Goitik behera aldatu da zazpi urteren buruan Aguraingo DHLko egoera. Zer garrantzi izan du aldaketa horretan ELA enpresa-batzordera iritsi izanak?

2012an lortu zituen ELAk lehenbiziko ordezkariak, bostetik bi. Azkeneko hauteskunde sindikaletan (2017), berriz, bederatzitik zazpi eskuratu genituen. Gainera, langileen erdiak gure sindikatura afiliatuta daude. ELA enpresa-batzordera iristean hasi ziren gauzak aldatzen. 2012an, soldata-eskala bikoitza zegoen, 2010ean ezarria independenteen, CCOOren eta UGTren babesarekin. 2010a baino lehen kontratatutako langileek urtean 6.000 euro gehiago kobratzen zuten gerora kontratatutakoek baino. Lehenbiziko hitzarmenean, eskala bikoitz hori erdira murriztea lortu genuen, eta bigarren hitzarmen honetan erabat kentzea da gure helburua. Beste helburu bat hau zen: iruzurrezko kontratazioa amaiarazteko moduak bilatzea. Izan ere, zenbait unetan langileen erdiak ABLEen bidez kontratatuak ziren. Eta ari gara helburu hori lortzen.

Lan handia egin da jendearekin etengabeko harremanean egoteko: iruzur bidezko kontratazioa salatu dugu, eta ongi zehaztu dugu zein diren eta zein ez enpresako langileak. Paradoxikoa dirudien arren, gertatzen zen hitzarmenetik kanpo zegoen jendeak hari buruz erabaki nahi izaten zuela, baina lortu dugu hori eragoztea. Prekarietateari, berriz, geroz eta muga gehiago ari gara jartzen, baina oraindik ere asko dago egiteko. Borroka ez da amaitu; orain, hitzarmenaren aplikazioaren alde egin behar dugu, eta hurrengo hitzarmena prestatzen hasi.