“EAEko aurrekontuek ez diete herritarren gehiengoaren beharrei erantzuten”

2018/12/13
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioa egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean aurrekontu burujabe, sozial eta parte-hartzaileak eskatzeko. Mobilizazioan ehunka pertsonak parte hartu dute. Bertan zan dira ere pentsionisten elkarteko kideak.

ELA ekimen honen parte da eta sindikatuko ordezkaritza zabala bertan izan da. Zoritxarrez, Kartaren arduradunek azpimarratu duten bezala, Eusko Jaurlaritzak 2019rako luzatuko dituen aurrekontuak ez dute aldaketa sozialaren bidean lagunduko.

Eusko Legebiltzarraren aurrean egindako ekitaldiaren aurretik, ELAk 2019ko EAEko aurrekontuak aztertu ditu Aldabe Zentroan. Gizarte politiken arduradun Mikel Novalek azpimarratu duenez. “badira alternatiba sozialak, baina gure agintariek ez dute borondate politikorik horiek gauzatzeko. Aurrekontuen oinarriak zeintzuk diren ikusirik, argi dago akordio horretan ikuspuntu sozialetik ez dagoela akordioa iristeko aukerarik”. Novalen hitzetan “Jaurlaritzaren 2019ko aurrekontuak azken urteotan bezala murriztatzaileak dira”.

Era berean, gastu-arauak ezarritako mugak salatu ditu.Honek agintzen du 2019ko “gastu konputagarria” gehienez %2,7 haz daitekeela. Muga hau iaz erabaki zen Espainiako Kongresuan, PP, Ciudadanos eta EAJren akordioz. Ondoren, akordioarekin bat egin zuten Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak.

Bestalde, Novalek adierazi du alternatibak badaudela, eta azpimarratu du mobilizazioa eta borroka direla egungo politikak aldatzeko bide bakarra.

Bihar Iruñean Nafarroako aurrekontuen inguruko beste ekitaldi bat egingo da, kasu honetan ere Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta.