Aernnovak kaleratutako 82 kaleratzeak zuzenbidearen araberakoak direla adierazten duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren aurkako helegitea aurkeztuko du ELAk

2021/04/29
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren apirilaren 27ko epaiak kaleratzeak justifikatuta daudela uste du; izan ere, 2014tik egiturazko krisia du enpresak, eta pandemiak areagotu egin du. Zentzu horretan, biziki deitoratzen dugu aretoaren erabakia enpresak egindako kaleratzeak homologatzea izan dela, multinazionalaren argudioak bere eginez, eta 2019an, pandemiaren aurreko urtean, taldeak 38,88 milioi euro irabazi zituela kontuan hartu gabe.

Onartezina iruditzen zaigu poltsikoak diru publikoz bete dituzten Aernnova bezalako enpresa handiak plantilla-egokitzapenak egiteko orduan kontrol judizial zehatz-mehatz baten pean ez jartzea, eta, horren aurka, indarrean dagoen legediaren intepretazio malgua egitea, enpresa horiei mesede eginez.

Horrelako epaiek agerian uzten dute langileentzako biderik bermatzaileena borroka sindikala dela, eta greba dela gure lanpostuak babesteko tresnarik eraginkorrena.

Ildo horretan, eta deuseztatzeko arrazoiak daudela ulertzen dugula ikusita, epaiaren aurkako errekurtsoa jarriko dugu, auzitegiek plantillari babesa eman diezaioten lanpostuen aldeko borrokan.