Altan Bernedoko (Araba) langileek KPIarekin blindatutako hitzarmena lortu dute 100 egun baino gehiagoko grebarekin

Gatazka amaitu da, langileek euren helburuak lortu dituztelako: aurreko eskubide guztiak errespetatuko dira, igoerak KPIarekin lotzen dira eta hori guztia enpresa hitzarmenean islatuko da (2020-2024ko indarraldia). Azaroan, langileek esan zuten: “Aski da! Ez gara beldur, dena lortzeko prest gaude”. Borroka sindikal eredugarria izan da, eta elementu garrantzitsu asko uztartu ditu: Arabako Mendialdeko eremu isolatua, multinazional bati saldutako enpresa (hastapenetan diru publikoarekin bultzatuta), farmazia industria bezalako sektore estrategikoa, gehienbat emakumez osatutako plantilla eta baldintza eskasak dituen Kimiken hitzarmen estatalaren mehatxua.
Enpresak lan baldintzak okertuko zituela eta eskubideak murriztuko zituela mehatxu egin zuenez, langileek bat egin zuten eta grebara irten ziren, ahalik eta ate gehien jo zituzten, eta borrokatu dute eskubideak eta erosteko ahalmena ez galtzeko, soldaten igoera KPIari lotuz.
100 egun baino gehiagoko grebaren ondoren, zuzendaritzak eta enpresa batzordeak adostu dute 2017-2019ko enpresa ituneko eskubide guztiak jasotzea eta enpresa hitzarmen blindatu batera eramatea eta, gainera, KPIari lotutako soldatak igotzea.
Langileek eskerrak eman dizkiete inplikatutako eskualdeko guztiei, eta pozik agertu dira gatazkan zehar erakutsitako batasunagatik.