Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioak
Apirilerako deitutako lehenengo greba eguna arrakastatsua izan da

Duela pare bat aste Arabako Aldundiak akordiorako proposamen bat helarazi zuen. Bertan, soldatak eta lanaldia baino ez ziren aipatzen. Beraz, negoziaziotik kanpo uzten ziren beste aldarrikapen guztiak: lan-osasunaren prebentzioa, behin-behinekotasuna, bajen osagarria eta atsedena. ELAk uste du proposamen hau partziala eta eskasa dela, baina bide onetik doala, eta patronalak direla Aldundiak mahai gainean jarri duena osatu behar dutenak. Alde horretatik, iragan astean ELAk eta LABek kontraproposamen bat bidali zieten Aldundiari; patronalei ere bidaliko zaie proposamena. Oraingoz Foru Aldundiak ez du erantzun.
Grebak izan dira egoera honetara ekarri gaituztenak. Horregatik Arabako erresidentzia eta etxebizitza komunitarioen sektoreko langileek kalean jarraituko dute. Pilota Aldundiaren eta patronalen teilatuan dago.
ELAk ez du onartuko hain prekarizatuta dagoen sektore honen lan baldintzak benetan hobetuko ez dituen hitzarmen bat. Bada garaia zaintza lanak benetan aitortzeko eta 6 urte baino gehiago borrokan daramaten langile hauen lan baldintzak hobetzeko.