Arabako egoitzetako langileek hitzarmen probintzial bat eskatu dute, prekarietatearekin amaitzeko

2021/09/17
Arabako egoitzetako langileek borrokan jarraitzen dute herrialdeko erresidentzia pribatuen sektoreko hitzarmena lortzeko. Bi urte eta erditan 17 greba eta astero mobilizazioak eign ostean, irailaren 21ean, asteartean, osatuko da hitzarmena negoziatzeko mahai sektoriala. Testuinguru horretan, sektorean ordezkaritza duten sindikatuetako -ELA, LAB, CCOO eta UGT- ordezkariek agerraldia egin dute Gasteizen, pairatzen duten prekarietatearekin amaituko duen hitzarmena eskatzeko.

Hau da Arabako egoitzetako langileen baterako komunikatua

 

17 greba egun ondoren eta bi urte luzez astero elkarretaratzeak egin ditugularik, oraindik ere Arabako egoitza pribatu eta etxebizitza komunitarioetako langileen baldintzen hobekuntza aldarrikatzen ari gara. 30 hilabeteotan bilerak izan ditugu Arabako Foru Aldundiarekin, egoitzetako sektoreko hainbat ordezkarirekin eta Eusko Jaurlaritzako Lan sailarekin, baina artean ez da erabakirik hartu lan baldintzak eta arreta duinagoak izan daitezen.

Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu nagusiak hamaika bider esan dio prentsari “lan-hitzarmena gero eta hurbilago dago” (2021/04/13). Halaber, Aldundiaren lan “proaktiboa” nabarmentzen du, eta gatazkaren konponbide aldera aurrerapausoak izan direla.

Hain zuzen ere, alderdi politikoetako ordezkariek esaten dute gizarterako oinarrizko zerbitzua garela eta gure lanpostuak, ezinbestekoak: Doinu hau ezaguna dugu; alarma egoeran izan gineneko garaian zorioneko txaloak jo ziren. Demagogia hutsa eta betiko prekarietatea. Pandemia aurretik ikusezinak ginen; orain, haien propaganda politikorako tresna huts. Horregatik, sindikatuok astearte honetarako (hilak 21) sektoreko enpresario-elkarteak deitu ditugu bilera bat egiteko.

Pandemiak agerian utzi du inoiz baino premia handiagoa dela oinarrizko jotzen den sektore hau duina izatea; haatik, langile eskasia izugarria pairatzen dugu. Arazo hau konpontzea da abiapuntua pertsona oinarri izango duen arreta eredua ezartzeko, hala adierazten baitute behin eta berriz Aldundiak eta enpresek. Baina familia askok beren adinekoak ezin dituzte zahar-etxe publikoetara eraman lekurik ez dagoelako, eta hilean milaka euro ordaindu behar izaten dute zerbitzu askoz okerragoa jasotzeko.

Izan ere, ezin baitugu ahaztu egoitza pribatu gehienak finantz-erakundeen esku daudela, eta hauen helburu bakarra irabazia ateratzea dela, ohearen prezioak eta soldata kaskarrek ematen duten marjinari esker.

Urtean batez beste Bizkaiko gure lankideek baino 200 bat ordu gehiago lan egiten dugu, hilean 400 € gutxiagoren truke; gainera, gure kategoria profesionalen arabera ez dagozkigun lanak ere egin behar izaten ditugu. Sarritan, erizain laguntzaileok ere derrigortuta gaude sendaketak egitera legez soilik erizainek egin beharko lituzketenak; alabaina, gure enpresek ez dituzte erizain horiek kontratatzen.

Esan dezakegu gabezia hau erizainen kasuan ez ezik laguntzaile eta gerokultoreetan ere hedatzen ari dela. Soldata txarrek eta gehiegizko lan kargak langileak beste sektore batzuetara bultzatzen dituzte. Profesionalak ezin dira erakarri enplegua duina ez bada. Beraz, argi eta garbi aldarrikatzen dugu: ZAHAR-ETXEETAKO LAN-HITZARMENA, ORAIN!