Arabako eraikinen eta lokalen garbiketa-sektorean hitzarmen duina lortzeko mobilizazioak

2021/06/10
Arabako Eraikin eta Lokalen Garbiketa Hitzarmenaren negoziazio-mahaian ordezkaritza duten sindikatuek –ELA, CCOO, UGT, LAB eta USO– negoziazioaren egoera salatu dute. Hitzarmen honen indarraldia 2019ko abenduan amaitu zen, eta, beraz, 2020an berritu behar zen. Duela gutxi egindako langileen batzarren ondoren, sindikatu hauek mobilizazio batzuk hastea erabaki dute, negoziazioa desblokeatzeko eta sektoreko lan-baldintzak duinduko duen hitzarmen bat lortzeko.

Pandemiaren ondorioz, negoziazio prozesua bertan behera geratu zen; 2020. urtearen amaierara arte ez zen negoziazioa hasi. Sei hilabete hauetan hamar bat bilera izan dira patronalarekin, baina akordioa oso urrun dago. Historikoki gutxietsi, ikusarazi eta batere baloratu ez den sektoreaz ari gara. Baldintza eskasekin, lan-karga handiekin, % 80tik gorako partzialtasunarekin eta soldata txikiekin. Era berean, nagusiki feminizatuta dagoen sektoreaz ari gara, eta, horregatik, balioa galdutako lanaz.

Sindikatuen esanetan, helburua baldintza duinak lortzea da. Europako Gutun Sozialak egiten dituen gomendioekin bat etorriz, gutxienez 1.200 euro garbiko soldata aldarrikatzen dute. Gainera, helburua bizitza pertsonala eta lanekoa uztartzea ahalbidetzen duten klausula sozialak txertatzea da.
Negoziaketa agortuta dagoenez, negoziazio-mahaian ordezkaritza duten bost sindikatuok iragarri nahi dugu, aste honetan egin diren langileen batzarren ondoren, mobilizazio batzuk hasiko ditugula datozen egunetan, negoziazioa desblokeatzeko eta hitzarmen bat lortzeko, garbiketa-sektorea onartu eta duin bihurtu ondoren.