Arabako erresidentzia pribatizatuetako langileek Aldundiaren utzikeria salatu dute gabonetako gutun batean

Arabako zahar-egoitza pribatizatutako langileen gutuna.
Emilio Sola eta Patxi Anton agurgarriak:
Olentzero eta Mari Domingi gaituzue, eta gutun honekin batera, opari bat entregatu nahi dizuegu. Pertsona guztientzat hain zaila den urte honetan, gustatuko litzaiguke Arabako egoitza pribatuen egoeraren aurrean gure ezinegona plazaratzea.
Badakigu oso hilabete zailak izaten ari direla zahar egoitzetako erabiltzaileentzat, COVID-19k gogor kolpatu dituelako; baina, era berean, hori bera gertatzen ari da egunez egun gure adinekoak zaintzeko eta laguntzeko jaikitzen diren langilekin.
Eguna joan eta eguna etorri, adinekoak bakardadean itzaltzen ari direla ikusten dute, ezin dutela harremanik izan eta gaitasun fisikoa murrizten ari zaiela. Eta hori langileek jasan ezin duten zama fisiko eta psikologikoa da.
Gainera, Arabako egoitza pribatuetako langileek aurretik ere pairatzen zituzten baldintza txarrak eta eskubide urriak larriagotu besterik ez du egin pandemiak. Ia bi urte daramatzate kalera ateratzen, enpresak salatzen eta patronala eratzeko eskatzen, langileen bizitza eta erabiltzaileen zaintza duinak bermatuko dituzten baldintza duinak negoziatu ahal izateko.
Gizarteak entzun du haien mezua. Bizitza hobe baten aldeko aldarria ozen zabaldu dugu lau haizetara, mendira iristeraino. Beraz, tamalgarria iruditzen zaigu zuek beste alde batera begiratu izana eta milaka pertsonen egoera aldatzeko urratsik egin ez izana.
Horregatik, urte honetan ikatza ematea besterik ez zaigu geratzen, egoera aldatu arte. Bitartean, langileek oihuak oparitzen jarraituko dute, ahotsak ez baitie inoiz hutsik egingo.
Eguberri On!