Arabako esku-hartze sozialeko lan hitzarmenak %2tik gorako soldata igoerak bermatuko ditu

2018/04/13
Arabako Eskuhartze Sozialaren II. Hitzarmena sinatu zen apiriaren 11n. AISA patronalarekin urtebeteko negoziazioen ondoren sinatu da hitzarmena. Lehenengo aurrerapausoa 2017ko uztailean eman zen, aurre-akordio bat sinatuz; baina Arabako Aldundiak ez zuen finantzatu nahi estatuko lege baten aitzakiapean. Espainiako Ekonomiaren Desindexazioaren Lege horrek eragozten omen zien patronalaren eta sindikatuen arteko aurre-akordioan jasotako baldintzen diru-kostuak beren gain hartzea.

Sektoreko langileek hiru egunetan egin zuten greba, abenduaren 13, 20 eta 27an. Sektoreko langileen erabateko erantzuna ikusita, Aldundiak ez zuen besterik izan, konponbideak bilatzea baino.

Hitzarmen berriaren puntuak hauek dira: indarraldia 2020. urtera arte; soldata-igoerak 2018an %2, 2019an %2,5, eta 2020an %3; urteko gehienezko lanaldia 32 orduz murriztu da, 2020an 1638 ordu urtean uzteko; eroste-ahalmena bermatuko da indarraldian zehar, beraz 2017-2020 urte bitarteko KPIak itundutakoa baino handiagoak izango balira, 2021ean soldatak eguneratuko lirateke. Bestalde, lanaldi bereziko plus berri bat sartu da (sektoreko zati handi batean dagoen prekarietatea onartu da, ez baitituzte ordutegi egonkorrik; hori dela-eta, langileen aldetik eta enpresen aldetik lanaldi bereziei aukerako irtenbideak bilatzea hitzeman dute); eta, azkenik, aparteko ahaleginak egin dira testua idazkera inklusiboaz idazteko.

Sektoreko langileek aurreko batzarretan euren oniritzia emana zieten hitzarmenaren edukiei, azken helburua zein den argi utziz: hurrengo hitzarmenean zuzeneko kudeaketako pertsonalaren lan-baldintzekin homologatzea. Eta helburu hori hitzarmenaren azken xedapenetan lehenean jaso da honela: III. Hitzarmenerako erreferentziatzat zuzeneko kudeaketako pertsonalaren lan-baldintzak hartuko dira.