Arabako Esku-hartze Sozialeko langileen hirugarren greba egunak jarraipen zabala izan du

2017/12/27
ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatu deitzaileek adierazi duten bezala, grebak jarraipen masiboa izan du, lanuztea egiteko aukera izan duten gehienek greba egin baitute. Gehiegizko zerbitzu minimoak salatu dituzte.

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreko langileek hirugarren greba eguna izan dute, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta. Hirugarren lanuzte honek jarraipen zabala izan badu ere, sindikatu deitzaileek salatu dutenez, greba eskubidea modu larrian mugatu zaie langileei, gehienak behartuta baitaude gehiegizkoak diren zerbitzu minimoak egitera. Adierazi dutenez, sektore osoa diseinatu eta planifikatu dute etengabe zerbitzu minimoekin funtzionatzeko. Izan ere, baieztatu dutenez, Administrazioek, alegia, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak, bizitzaren iraunkortasunerako ezinbestekoak diren gutxieneko zerbitzuak baino ez dituzte finantzatzen, besterik ez. Horrrek agerian uzten du zer nolako zailtasunak dituzten sektore honetako profesionalek euren lana egiteko. Are gehiago, azpimarratu dute sektore honetan gehiengoa emakumeak direla, sektore prekarizatuenetan gertatu ohi den bezala.

Edozein kasutan, egoera hau salatzeko abian jarritako mobilizazioak oso arrakastatsuak izan dira, zerbitzu minimoetatik kanpo geratu diren langileek erabateko jarraipena egin batitute.

Sindikatu deitzaileek aditzera eman dutenez, jakin badakite, AISA enpresaburuen elkartearen bazkide diren entitateek, eta baita AISAK berak ere bilerak izan dituztela Arabako Foru Aldundiko solaskideekin. Hori bai, gaineratu dutenez, ezkutuan egin dute, sindikatuei inongo informaziorik helarazi gabe.

Aurreko astean, AISA enpresaburuen elkarteak uko egin zion sindikatuekin biltzeari. Horren aurrean, berriz ere bilera eskatuko zaiela baieztatu dute sindikatuek. Bilera horretan hitzarmena sinatzea exijituko zaie, betiere, uztailean adostutako baldintzatan.

Langileek egoera aztertuko dute, egingo duten asanblean. Bertan, betiere Hitzarmena sinatu ezean, datorren hilean aurrera eramango ditugun mobilizazioak adostuko dituzte.

Gatazkaren jatorriari buruzko informazio gehiago