Arabako Gurutze Gorriak ez ditu aplikatu nahi Esku-hartze Sozialeko Hitzarmenak jasotako soldatak, legeri muzin eginda

Arabako Gurutze Gorriko langileek berriz eskatu dute beren hitzarmenak jasotzen duen soldata bermatzea, enpresak Gasteizen duen egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Izan ere, enpresak ez du aplikatzen Arabako Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena -berez dagokion hitzarmena- eta horrek esan nahi du langile bakoitzak, batez beste, urtean 3.000 euro baino gehiago kobratzeari uzten diola. Enpresa batzordea saiatu da negoziatzen eta akordio batera iristen, baina enpresak uko egin dio. Gauzak horrela, ELAk eta enpresa batzordeak mobilizazioak aktibatu dituzte eta bide juridikoari ekin diote Arabako Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena aplikatu dadin, langileen lana funtsezkoa dela -Pandemian bereziki- onartu dezaten eta soldatak hobetu ditzaten. Hurrengo kontzentrazioak ekainaren 17 eta 24an izango dira, 12:00etan, enpresaren aurrean.
Gurutze Gorriak 150 urte bete ditu, eta Esku-hartze Sozialean dihardu (errefuxiatuentzako laguntza eta harrera, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonentzako laguntza , behar gehien duten pertsonentzako enplegurako laguntza, nazioarteko lankidetza...). Erreferentziazko hitzarmen aplikagarria Arabako Esku-hartze Sozialarena da, eta la erreforma eta langileen estatutu berria indarrean sartu zirenetik, argi geratu da sektoreko hitzarmena ez dela aukerakoa, nahitaez aplikatu beharrekoa baizik.