Arabako Gurutze Gorriak hitzarmena aplikatzea eskatu du Gasteizen egindako kontzentrazioan

2022/05/27
Arabako Gurutze Gorriko langileek beren hitzarmenak jasotzen duen soldata bermatzea eskatu dute, enpresak Gasteizen duen egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean. Izan ere, enpresak ez du aplikatzen Arabako Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena -berez dagokion hitzarmena- eta horrek esan nahi du langile bakoitzak, batez beste, urtean 3.000 euro baino gehiago kobratzeari uzten diola. Enpresa batzordea saiatu da negoziatzen eta akordio batera iristen, baina enpresak uko egin dio. Gauzak horrela, ELAk eta enpresa batzordeak mobilizazioak aktibatu dituzte eta bide juridikoari ekin diote Arabako Esku-hartze Sozialeko Hitzarmena aplikatu dadin, langileen lana funtsezkoa dela -Pandemian bereziki- onartu dezaten eta soldatak hobetu ditzaten.

Gurutze Gorriak 150 urte bete ditu, eta Esku-hartze Sozialean dihardu (errefuxiatuentzako laguntza eta harrera, gizarte bazterkeria jasateko arriskuan dauden pertsonentzako laguntza , behar gehien duten pertsonentzako enplegurako laguntza, nazioarteko lankidetza...). Erreferentziazko hitzarmen aplikagarria Arabako Esku-hartze Sozialarena da, eta la erreforma eta langileen estatutu berria indarrean sartu zirenetik, argi geratu da sektoreko hitzarmena ez dela aukerakoa, nahitaez aplikatu beharrekoa baizik.

Hala ere, enpresak uko egiten dio legea errespetatzeari. Gurutze Gorriak dio bere esparrua ez dela Esku-hartze Sozialarena. Ez du zehazten, ordea, zertan diharduen, langileen babesgabetasuna areagotzeko asmoz.