Arabako kirol-jardueren sektoreko baldintza eskasak salatzeko sozializazio kanpaina abiatu dute

2022/02/25
ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk sozializazio kanpaina abiatu du Arabako kirol-jardueren sektorearen baldintza eskasak gizarteratzeko eta salatzeko, sektore horrek bi urte baitaramatza hitzarmenik gabe. Bilerak egin diren arren, enpresak uko egin die langileen aldarrikapenei, alegia, hauei: KPIari lotutako soldata-igoerak; urteko lanaldia murriztea; joan-etorriak eta etenaldiak saihesten dituzten koadranteak egitea; 1.200 euroko gutxieneko soldata; antzinatasun-plus bat, ABEko osagarriak izatea; eta prestakuntza jasotzea. Langileen eskaerei erantzun beharrean, enpresek soldatak bi urtez izoztea planteatu dute, eta egin dituzten eskaintza ekonomiko urriak ez daude KPIari lotuta. Gainera, proposatzen dituzten hobekuntza apurrak 2023ko urritik aurrera aplikatuko lirateke.

Langileek azpimarratu dute egoera hori, neurri handi batean, administrazio publikoek -horien artean Gasteizko Udalak- erabiltzen duten “azpikontratazio-sistema negargarriaren” ondorio dela. Izan ere, kasu gehienetan, eskaintzarik baxuena aurkezten duen enpresak zerbitzua bereganatzen du. Gogorarazi dute horrek zuzenean eragiten diela lan-baldintzei; izan ere, enpresek eskaintza baxua egiten dute esleipena jasotzeko, eta, behin zerbitzua eskuratzen dutenean, ez dute tarterik baldintzak duintzeko.

Deitoratu dute lan-baldintza duinik ez izateak benetako profesionalizazioa eragozten duela, eta zerbitzuaren kalitatearen kaltetan. Izan ere, langile askok mila euro kobratzen dituzte hilean, eta lurraldeko urteko lanaldi luzeenetako bat dute. Halaber, esperientzia-urteak ez dira konpentsatzen, bajak zigortzen dira, eta, kasu askotan, enpresaren menpe daude goizetik gauera arte.

Horregatik guztiagatik, langileek hainbat ekimen abiarazi dituzte beren egoeraren berri emateko, besteak beste, beren aldarrikapenen aldeko sinadura bilketa masibo bat. Lurraldeko kirol-instalazioen erabiltzaileei eta, oro har, herritarrei gonbita egiten diete beren eskaerak babes ditzaten.