TUBOS REUNIDOS PREMIUM THREADS
Arabako Lan Ikuskaritzak egiaztatu du enpresak grebarako eskubidea urratu duela
Arabako Lan Ikuskaritzak arrazoia eman dio ELAri, eta aitortu du uztaila eta iraila bitartean deitutako greba egunetan Tubos Reunidos Premium Threadsek grebarako eskubidea urratu zuela, eta honako hau ebatzi du: “Enpresak langileen barne ordezkapena ahalbidetu du, barne eskirolajea deitzen zaion horretan”. Hau da, egiaztatuta gelditu da grebalarien ordez greban parte hartu ez zuten langileek bete zituztela euren eginkizunak. Ikuskaritzak larritzat jo ditu gertakariak, eta orain multinazionalaren aurkako zehapen prozedura hasiko da.
Tubos Reunidos Premium Threads Langraiz Okako Subillabide industrialdean dagoen enpresa da, eta 73 langile ditu. 2024ko uztaila eta iraila bitartean zortzi asteko greba egin zuten hitzarmen propioa lortzeko. ELAk uste du ebazpen hori oso garrantzitsua dela, aurrekari bat ezartzen baitu etorkizuneko grebetarako.