Arabako Metalaren gatazkan inplikatzeko eskatu diote sindikatuek Eusko Jaurlaritzari

2022/09/12
Arabako metaleko greba deialdiaren atarian -irailaren 21, 22 eta 23rako aurreikusita- ELA, CCOO, LAB, USO, ESK eta CGTk Eusko Jaurlaritzari eta administrazio publiko guztiei eskatu diete inplikatu daitezela gatazkan; besteak beste, eskatu diete langile guztien subrogazio eskubidea bermatzea administrazioek azpikontratatzen dutenean eta hilean 1.400 euroko gutxieneko soldatak eta erosteko ahalmena bermatzea. Izan ere, gogorarazi dute Administrazioek kontratatzen edo azpikontratatzen dituzten lan asko Arabako metalaren baldintzen menpe daudela. “Horrek esan nahi du Administrazioak berak, enpresaburu eta ugazaba den aldetik, baldintza prekarioak baliatzen dituela”. Langileak grebara deituta daude 25.000 pertsonari eragiten dien hitzarmena desblokeatzeko.

Sindikatuek ausardia eskatu diote patronalari akordioa lortzeko. “Prekaritatea jasanezina da, eta inflazio handiaren ondorioz egoera okertzen ari da metaleko langileentzat”, deitoratu dute. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute hitzarmenak honako hobekuntza hauek jasotzea: KPIren araberako igoerak, bai tauletan, bai soldata errealetan; lanaldia nabarmen jaistea; baja medikoen osagarriak hobetzea; subrogazioa jasotzea; malgutasuna mugatzea; bizitza erdigunean jarriko duten neurriak; eta hobekuntzak Lan Osasunean eta Berdintasunean.