Arabako metaleko grebak jarraipen zabala izan du eta lurralde osoan mobilizazio deszentralizatuak izan dira

Arabako metaleko bigarren greba eguna arrakastatsua izan da. ELAk txalotu egin du enpresa garrantzitsuetan ekoizpena gelditu izana, eta baieztatu du langileen inplikazioa gero eta handiagoa dela, bai enpresa handietan, bai lantegi txikietan eta ETEetan ere. Horregatik, uste du grebaren jarraipen zabalak inflexio puntua izan beharko lukeela negoziazioan, eta SEA patronalari eskatu dio sindikatu gehienen aldarrikapenei erantzutea, besteak beste, soldatak handitzea, lanaldia eta malgutasuna murriztea eta prekaritatearekin amaitzea. Hurrengo greba maiatzaren 26rako aurreikusita dago. Patronalak planteatutako aldarrikapenei jaramonik egiten ez badie, mobilizazioak areagotuko dituztela adierazi du ELAk.
Sindikatuak azpimarratu du grebak agerian utzi duela sektorearen batasuna eta langileek sindikatuek planteatutako aldarrikapenekin bat egiten dutela. Izan ere, hainbat mobilizazio egin dira Araba osoko industrialdeetan eta zonaldeetan, eta grebalariak Jundiz, Gamarra, Gojain eta beste hainbat industrialdetan ere izan dira, Aiaraldean eta Lautadan, esaterako.