Kontratazioan dagoen iruzurraren aurkako neurriak eskatzen ditu ELAk Arabako metaleko hitzarmenean #U30GrebaOrokorra

2020/01/15
“Ekarri diguten proposamenak ez du funtsezko ezer aldatzen lehen proposamenarekiko, eta guztiz eskasa iruditzen zaigu". Hala definitu du ELAk SEAren azken proposamena, sindikatuak deitutako Arabako Metaleko Mahaira eraman duen azkena, hain zuzen ere. "Ez dago neurri zehatzik berdintasunean, proposatutako soldata igoerak oso baxuak dira, eta beti 2018a kanpoan utzita; subrogazioa eta lanorduen jaitsiera baztertzen dute; kontratazioan dagoen iruzurraren aurrean ez dago neurririk; eta estatalizazioa onartzen dute", salatu dute. ELAk gogorarazi du udaz geroztik ez zela bilerarik izan, eta sindikatuak berak egin behar izan duela, azkenean, irailetik zain zeramaten mahaia osatzeko deialdia.

Lanean jarraitu eta sektoreko mahaian bidezko hitzarmen bat defendatzen segituko dutela azpimarratu dute. Horretarako, bi premisa jarri dituzte: “gehiengoz sinatzea, eta ez orain arte bezala, eta edukiak errealitatera egokitzea eta Metaleko langileei bizitza duina izateko aukera ematea”.

Gauzak horrela, ELAk dei egiten die sektoreko langile guztiei urtarrilaren 30eko grebara. "Arrazoiak sobera ditugu: lan duina izatea; lurralde hitzarmenen aplikaziorako lehentasuna bermatzea estatukoen gainetik; subrogazioa; lanaldia murriztea; kontratazioan iruzurra jazartzea; eta soldata arrakala amaitzea", nabarmendu dute.