Arabako Metala grebara doa patronalak ez duelako bermerik eskaini negoziazio mahaian

2022/09/08
Arabako metalgintzako patronala berriro aurkeztu da negoziazio-mahaian, funtsezko gaietan bermerik eskaini gabe, hala nola lanaldiaren murrizketan, bajen osagarrien igoeran edo KPIaren bermean. ELAk adierazi duenez, SEAk dio hobekuntzak egiteko prest dagoela, baina ahoz bakarrik, ez baitu bere konpromisoa idatziz utzi nahi. Hurrengo bilera irailaren 19an egingo dute. Bitartean, hurrengo grebak irailaren 21, 22 eta 23an izango dira.

2021eko abenduan, ELA, CCOO eta LABek aldarrikapen taula bat aurkeztu zuten. Taulak sektorearen beharrak jasotzen zituen eta greba dinamika bat iragartzen zuen. Sindikatuek deitoratu dutenez, ordutik aurrera patronalak aurrerapen txikiak besterik ez ditu iragarri, beti ere, greba deialdiak egin direnean.

ELAk azpimarratu du aurrerapen txiki horiek ez direla nahikoak, eta
benetako negoziazio baten alde egin du, Metalaren erronkei erantzungo diena eta prekaritatearekin amaituko duena.