Arabako suhiltzaileek Lan Eskaintza Publikoa exijitu dute, behin-behinekotasunari aurre egiteko

Arabako suhiltzaileen plantillak zuzendaritzari eskatu dio LEP bat egin dezala, bertan dauden lanpostu huts guztiak barne hartuko dituena, pairatzen duten behin-behinekotasun tasa altua ezabatzeko. Gogorarazi dutenez, 2019an zuzendaritzak operatiboko plaza huts guztiak barne hartuko zituen Eskaintza Publikoa deituko zuela iragarri zuen. Hala ere, gaur egun zaila ikusten dute promesa hori egia bihurtzea. "Beste administrazio batzuekin batera prozesu bat aurrera eramateko negoziazioak aurreratuta dituzte, eta ezinezkoa da horri buruz ezer jakitea; gure ustez, horrek kalte egingo digu, Euskal Autonomia Erkidegoan lan-baldintza txarrenak dituen zerbitzua baita gurea", deitoratu dute.
Gaineratu dute lan-baldintzak zehaztuko dituen esparru arautzaile baten garapena geldituta dagoela. Hitzarmenaren lehen zatia onartzera iritsi diren arren, dagoeneko onartutakoa aplikatzen hasteko aukera ukatzen zaie. "Egingarria eta bidezkoa da, baina ez dago borondate politikorik", adierazi dute.
Adierazi dute ondoeza areagotu egiten dela gerentziak erabakiak hartzeko orduan dituen irregulartasunen eta gardentasun faltaren aurrean: espedientepean dauden bi lankideei, biak Langileen Batzordeko kideak, ez zaie jakinarazten zer urrats egiten ari ziren horiek ebaztean, edo bileren gai-zerrendan eztabaidagai ez diren neurriak alde bakarrez onartu dira, hala nola 2021eko lan egutegia, langileekin negoziatu ez dena. Ziurtatu dute, presio handia egin ondoren, zuzendaritzak bileren aktak sinatzea onartu zuela (bai langileen batzordekoak, bai hitzarmenaren negoziaziokoak), baina azpimarratu dute ezerezean geratu dela, praktikan ez baitituzte betetzen sinatutako akordio horiek, une bakoitzean komeni zaienaren arabera jokatuz.
Kontratazio-zerrenden erabilera irregularra ere egiten ari direla adierazi dute, eta gogorarazi dute 2020ko lan-eskaintza publikoaren deialdia ez zela inoiz negoziatu Langileen Batzordearekin. LEP horretan, desgaitasuna duen pertsonarentzako plaza-erreserba bat jasotzen da, eta plaza hori suhiltzaile-gidari lanpostuari dagozkion langileei esleitzen zaie.
Hori guztia dela eta, martxoaren 11n 3 orduko lanuztea eta elkarretaratzea egingo Gasteizen, Foru Aldundiaren aurrean, 11etan, 15 egunez behin errepikatuko dituzten ekintzak.