Arabako zementuaren deribatuen sektoreko grebaren lehen egunak jarraipen zabala izan du

2021/12/16
Lehen greba eguna izan da Arabako zementuaren deribatuen sektorean eta jarraipen zabala izan du. Bigarrena bihar, abenduaren 17an, izango da. Sindikatu deitzaileek, alegia, ELA, UGT, CCOO eta LABek azpimarratu dute prekarizatua dagoen sektorearen lan baldintzak hobetzea dela helburua. Besteak beste, soldatak Arabako eraikuntzaren hitzarmenean jasotakoekin parekatzea eskatzen dute. Hala ere, patronalak soldata igoera txiki batzuk baino ez ditu egin nahi datozen urteetarako,-KPItik oso urrun- beraz, langileek erosteko ahalmena galduko lukete. Era berean, sektoreak bizi dituen beste arazo handi batzuk konpontzea eskatzen dute, hala nola behin-behinekotasuna edo gehiegizko lan kargak.

Gauzak horrela, ELAk mobilizazioekin jarraituko duela adierazi du eta datozen greba egunek ere babes zabala izatea espero du.