Ariznabarra egoitzako sukaldeko langileek greba amaitutzat jo dute

2018/11/12
Sei hilabeteko greba ondoren Ariznabarra egoitzako eta eguneko zentroko itunaren lan baldintza berberak dituen lantoki-akordio bat sinatu da.

Akordio hori lortzeko, beharrezkoak izan dira plantillako sei langileen mobilizazioak eta borroka sindikala.

Domus VI-ek sukaldeko zerbitzua esternalizatu zuen 2017ko uztailean, GOFE/IFBSren oniritziaz. Handik aurrera langile horiek Ariznabarra Egoitzako eta Eguneko Zentroko Itunaren eraginpetik kanpo geratu ziren, eta Egoitza Pribatuetako Estatu Hitzarmena aplikatu zieten. Horren ondorioz lan-baldintza prekarioagoak izan zituzten, eta soldata-eskala bikoitza, bata pertsonal subrogatuarentzat, eta bestea kontratatu berrientzat.

Azaroaren 7an ELAk akordioa sinatu zuen, Ariznabarra Egoitzako sukaldaritza-zerbitzuko pertsonalaren baldintzak arautzekoa. Hor jaso diren baldintzak Ariznabarra Egoitzako Itunaren berberak dira. Akordioa sinatu ondoren, plantillako guztiek maiatzetik egindako greba bertan behera utzi dute.

Akordio hau ere mobilizazioen emaitza da, eta lehenagotik pentsatzen genuena berriro egiaztatu da: langileentzako akordio asebetegarriak lortzeko bide bakarra mobilizazioen bidea da, mobilizaziorik gabe ez dago behar bezalako akordiorik.

Akordio honen bidez ELAk lortu duena ez da gutxi: Medirest Social-ek, sukalde-zerbitzua kudeatzen duen enpresak, baldintza berdinak aplikatzea pertsonal osoari, Ariznabarra Egoitzako pertsonalaren baldintzak; eta beraz prekarizazioa eta soldata-eskala bikoitza bazter uztea.

GOFEk gizarte-zerbitzuak pribatizatzen jarraitzen duen bitartean, ELAk aurre egiten dio pribatizazio horren baitan datorren prekarizazioari. Eta oraingo adibidea oso adibide garbia izan da. Langileen baldintzak prekarizatuz zerbitzuaren kalitatea nabarmen hondatzen da, eta ez da ziurtatzen "erabiltzaileari begirako arreta", GOFEk hain harro erakusten duena. Guk kalitatearen hondamen hori azkenean gertatzea eragotzi behar dugu.

Medirest Socialeko sukaldeko pertsonal osoaren parte-hartzea zinez eskertu nahi dugu, eta baita 6 hilabete horietan pertsonal finkoaren ordez aritu direnena ere. Halaber, Domus VI-ko langileen eta bereziki egoitzako ELA-ordezkarien sostengua eta laguntza ere eskertu beharrez gaude.

Azkenik, gatazkaren hasieratik egin dugun bezala, aldizkako bilerak egitea hitzartu dugu enpresarekin, jarraipena egiteko, eta zerbitzuaren kalitatea egokia izan dadila ziurtatzeko.